argia.eus
INPRIMATU
Upel modernoak gure ardoarentzat
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 27a

Ardoaren negozioa negozio ona da Euskal Herrian, bai Arabako Errioxan eta baita Nafarroako Errioxan ere. Hala baieztatzen dute urteroko fakturazioen eta esportazioen datuek, eta horren adierazgarri da mahatsa eraldatzeko azpiegiturak nahiz kudeaketa sistema modernizatzeko hasi den inbertsio prozesua. Azken urteotan Euskal upeltegietan egon denak ikusiko zuen inbertsio handiak egiten ari direla horiek modernizatzeko. Erreportaje honetan ikusi dugun bezala, jadanik badira euskal upeltegi batzuk arkitektu handiengana jo dutenak arkitektura garaikidea ardoaren negozioaren zerbitzura jartzeko. Alabaina, euskal upeltegien modernizazioa askoz ere gehiago da ardoa egin eta zaintzeko tenplu berriak eraikitzeko bizpahiru upeltegik egindako inbertsio garrantzitsua baino. Inbertsio handiago edo txikiagoarekin, gure upeltegiak modernizatzera bideratutako hamarka proiektu daude.

Egoki, modernizaziorako programa

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Egoki programa aurretik esan dugunaren adibide garbia da. 2003 eta 2004ko ekitaldietan, hainbat euskal upeltegik aurkeztutako ia ehun proiekturi lagundu die eta laguntzen jarraitzen du programa horrek. Arabako Errioxako ardoa eraldatu eta merkaturatzeko baldintzak hobetzea du helburu. Martxan dauden proiektuek 55 milioi euroko inbertsioa dute.

Hainbeste proiekturen artean »ezkerreko koadroan ikus daitezke garrantzitsuenak» ondoko hauek dira aipagarrienak: 2003. urtean Bodegas El Coto de la Riojak aurkeztutakoa »6,62 milioiko inbertsioa», CUNErena »4,48 milioikoa», Heredad de Barojarena »2,36 milioikoa» eta Viñedos Palacios Duquerena »1,1 milioikoa». 2004ko ekitaldi honetan, Proconsol talde errioxarraren proiektua da aipagarriena. Talde horrek ostalaritzaren, higiezinen, aisialdiaren eta upeltegien sektorean ditu interesak. Taldeak 22 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa dauka, Elciegon upeltegi berri bat eraikitzeko. 800.000 kilo mahats hartzeko ahalmena izango duen upeltegi berriak 2005eko uzta bilduko du. Logroñoko Jesus Marino Pascual arkitektuak egin du upeltegiaren diseinua. Upeltegiak, ardoa egiteko nabeaz gain, hotel txiki bat, ekitaldietarako aretoak, jatetxea eta administrazio gunea ere izango ditu. Ardoa egiteko askak lau altueratan jarriko dira, atari baten inguruan. Egoki programaren laguntzarekin aurten bertan euskal upeltegiak modernizatzeko beste proiektu aipagarriak ditugu Viñedos Paganosen eta Nuestra Señora del Campo kooperatibaren proiektuak, bakoitzak milioi bat eurotik gorako inbertsioa egingo baitu.

Azken urteotan, hainbat upeltegi txiki berri sortzeko inbertsioak ere egin dira. Era berean, azpimarratzekoa da edari espiritualaren talde handiek Errioxa bezalako deitura-eremuak aukeratu dituztela kokagunetzat. Testuinguru horretan, azken urteotan egindako inbertsioen artean Bodegas Baigorrik egindakoa aipatu beharra dago, bere berezitasunarengatik. 15 milioi euro erabili zituen milioi erdi litro hartzeko moduko upeltegia eraikitzeko. Upeltegi berri moderno horrek grabitatean oinarritutako arkitekturazko diseinuetan eusten die bere prozesuei, munduan oso berezia den ardoa egiteko modua lortzeko.

Abian den modernizazioak eragina du ardoaren negozioaren industria osagarrian ere. Horren adierazgarri ditugu Eusko Jaurlaritzako zenbait sailek onetsi dituzten bi proiektu: Ingurumen Sailak Ramondin Capsulasen proiektua onetsi zuen bere plantan hainbat jarduera egiteko. Industria Sailak, berriz, Rivercapen proiektua onetsi du, bere negozioa tapoiak eta barrikak egitera bidera dezan.

I+G ardoaren kalitatea hobetzeko

Modernizazio prozesuak berritzea eta nazioartera hedatzea eskatzen du, eta upeltegien euskal sektoreak eskakizun horiei erantzun nahi die. Hori dela-eta, upeltegiak, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Eusko Jaurlaritza jadanik lanean ari dira Ikerketa eta Garapeneko (I+G) plan batean. Plan horrek 2005erako prest egon beharko du, eta lau milioi euro inguru xurgatuko du. Planaren helburua ardoen kalitatea hobetzea da, komeni ez diren elementu kimikoak deuseztatuz eta mahatsaren kalitatea nahiz bestelako parametro batzuk bermatuz.

Ardoa esportatzerako garaian koordinazioa hobetzeko ahaleginek ere aurrera darraite. Hori lortzeko asmoz, sei upeltegik »Luis Alegre, Araco, Luis Casado, Estraunza, Gomez de Segura eta Zugober-ek» Vintium Export izeneko partzuergo esportatzailea osatu dute. Denen artean merkatu europar nahiz latinoamerikarrean salmentak hobetzeko ahaleginak egingo dituzte. Talde berri horrek Errioxako beste upeltegi batzuez osatutako Araex izeneko taldeak emandako pausoei jarraitzen die.