argia.eus
INPRIMATU
Uda-haize, txoro-haize?
Iñaki Mendiguren 2004ko abuztuaren 01

Ez dira udako kontuak bakarrik, baina bai udan areagotzen direnak. Badirudi halako giro kolektibo bitxi bat sortzen dela, non ezinbestean lasaikeria euforikoa nagusitzen den gutaz, dena light-ago bihurtuz. Normala den orok hartzen ditu oporrak, edo ezin behintzat lan seriorik egin, zenbait astetan dena ixten da eta bertan behera geratzen, arazorik larrienak ere irailerako aparkatuz. Eta giro horren ispilu garbiena egunkari edo irratietako programazioa izan ohi da: iji-aja, itzalean giro, dena jai eta festa... kito programa serio eta mamitsuak!

Eta oporrak, opor izateko, etxetik eta herritik urrun eman behar; zenbat eta urrunago joan, orduan eta oporrago! Eta horrelakoetan ohi bezala, nahi eta ezin duena etsipenaren putzutxoan murgiltzen da: ezagutzen dut bere diru-kontuengatik ezin, ohi bezala, lagunekin ez-dakit-nongo apartamentuetara joan, eta gezurra esan diena aparte kanpinera doala zuritzeko.

Dekretuzko opor-hartze orokortu hau une batzuetan konbultsiozko, histeriko eta estresagarria ere bihurtzen da: irteera-operazioak lekuko! Baina ez noa langileari kostata lortutako opor-eskubidea ukatzera, eta badakit etenak ondo etortzen direla egunerokotasunean. Halere, 11 hilabeteko ondoeza nekez erremediatuko du hilabeteko atsedenak. Osasun-ministroei nekez entzungo badiezu ere, lan-egoera txarrak dira hemen, zalantzarik gabe, osasunaren kaltegarri nagusiak. Eta ez da erraza urtean zehar lanean lasai eta gustura ari den langile asko aurkitzea. Ez ote genuke ahalegin handixeagoa egin beharko 11 hilabete horietako bizimodua »gehienbat, lanak baldintzatua» hobetzeko?

Uda-giro txatxu honen beste adierazgarri bat gorputzitisa da. Herriko ama gazte bat haserretu zitzaidan aurrekoan, ez nintzelako ohartu azken asteotan 10 kilo argaldu zela. "Halako sakrifizioa egin eta hainbeste sufritu ondoren!", esan zidan. Eta nik: "Baina konturatu gabe nengoen 10 kilo gizendu zinenik ere!" Kilo batzuk gorabehera, ederra, atsegina, maitagarria eta urrea baino baliotsuagoa da emakumea; baina uda-haizearen biktima.

Bestalde, gorputz lirain eta beltzaran horiek seduziorako izango dira, ez? Badirudi udan »uf, hau beroa!» kopulazio-kopurua nabarmen igotzen dela, gauaren babesean eta edabe etilikoen laguntzaz. Dena den, egunez eguzkitan urtu edo gauez alkoholetan ito direlako garunak... kontua da nerabeen haurdunaldi nahigabeak gehiegi ari direla ugaltzen. Ez nago ni ariketa osasuntsuen kontra, bai zera! Baina egunez eta alkoholik gabe eta neguan ere ikasi beharko genuke lotsa galtzen, eta zentzuz gozatzen, gero aieneka biharamunean erremedio bila hasi gabe!

Udako festa-giroak areagotzen duen beste izugarrikeria gazteen goizaldeko auto-istripuena da. Eta oso sentibera nago arazoarekiko, kasu gehiegi eta hurbil izan ditugulako azkenaldian. Gaztea beti izan dela beldurgabea? Bai. Benetako festak beti duela berekin araua eta neurria haustea? Bai. Ez dagoela festarik alkoholik gabe? Bai. Baina... EZ!!! Madarikatzen ditut horrenbeste haragi gazte zentzugabekeriaren aldarean gure eromenaren jainkoari sakrifikatzen dizkioten pentsamoldeak! Abiadura handiaren kulturan, lastertasuna kotizatzen denean, nola eskatu baretasuna, gogoeta, isiltasuna, garbitasuna... beste era bateko festak eta bizimodua ?

"Gizarte osoa estresatuta dago; hori horrela izateko gogo bat badagoela uste dut", zioen Jesus Cosido psikoterapeutak »berria, uztailak 11». Gizarteari abiadura handiko trenak edo errauste-plantak edo beste ez-dakit-zer ziri sartu nahi bazaio, komeniko da agian estresatuta edukitzea, bai lanean... eta bai oporretan! Kontua da pentsatzeko moda ez zabaltzea asko. Esanak esan, ondo pasa oporrak!