Txisss............Puuunn!!!

Jon Maia
2004ko abuztuaren 01a
Lizarra, Ezpeleta, Erromo, Donostia, Mendexa, Baigorri, Baiona, Artzentales, Lanestosa, Getaria, Orbaizeta, Ondarroa, Gasteiz, Atharratze, Derio, Trapagaran, Donibane Garazi, Ahurti, Larraul, Argedas, Irurita, Donapaleu, Mehaine, Kanbo, Bilbo, Leitza, Barkoxe.... erreportaje guztia egingo genuke abuztuan jaiak ospatzen dituzten herrien zerrenda guztia emanez gero.

Eta gauza bera gertatuko litzateke santuen zerrenda osatzera joko bagenu: Esteban, Lorentzo, Tiburtzio, Nikolas, Andra Mari, Salbatore... santuak eta herriko jai nagusiak, denak bat. Herri gutxi izango dira gurean bezala nahasten direnak egutegi kristaua eta festaren liturgia. Nafarroako Donamarian, Doneztebetik hurbil, herritar gehienak elkartuko dira bazkari herrikoian. Ondoren musika eta dantza, bertsolariak... izango dira eta mahai ingurukoa bukatutakoan, herritar guztiak erromerian joaten dira herri ondoan dagoen klausurako mojen komenturaino. Han, mojak zain-zain egongo dira, urtean zeharreko itxitura hausten duen tartearen irrikan. Trikitixa doinuetan, herritarrak kantuan eta dantzan, kalejira alaian sartuko dira komentu barruraino eta han, mojek urteko bisitarik jendetsuena pozez hartuko dute. Egun horretarako beren-berengi egindako opiltxoak prestatuta izango dituzte herritarrei emateko. Herritarrak salto, kantu, musu, uju eta dantza artean dauden artean, mojak koroan kantatzeko prestatu dituzten kantuekin hasiko dira, hori guztia egonleku txiki samar batean eta soilik mostradore moduko batek bereizten duelarik klausura eta festa. Ondoren, bertsolariek mojei kantatuko diete eta bueltan, kalejiran herrira itzuliko dira herriko taberna bakarrean festarekin jarraitzeko.

Erromeriak, erromesaldiak

San Joanetako suen inguruko jaien jatorria aurkitzeko, udako solstizioari hasiera ematen dion antzinako ospakizunetara eta erritoetara jo badezakegu ere, abuztuko jai eta ospakizunik gehienak egutegi kristauari erabat lotuta daude. Gaur egun ere, ugariak dira ermitetara eta gurutzetara egiten diren erromesaldiak. Esaterako, Arabako Pipaonen San Roketan egiten dena, kastañuela eta gaiten doinuetara. Bilboko Begoñako Amaren egunean ere, garaian garaiko alkateak ahal duen moduan agurra dantzatu behar izaten duen erromeria eguna edota, lakuntzarrek Aralarrera egiten duten erromesaldia, jatorria, "Lakuntzako pertza" izenez ezagutzen den kondairan duena; zenbait herritar astoa odolkiz eta txorizoz betetako lapikoarekin zamatuta igotzen dira, gainontzeko herritarrak atzetik doazela. Uztailean, Barkoxeko Madalenako ermitara ere erromesaldia egiten da. Gaztelugatxeko San Joanera hiru erromesaldi egiten dira uda garaian: San Joan bataiatzailearen egunean bermeotarrak dira ermitarainoko 231 eskailerak igotzen dituztenak, Inazio deunaren egunean, uztailaren 31n Arrietakoek hartzen dute lekukoa eta abuztuaren 29an, aldiz, bakiotarrek. Ernioko gurutzerako lau erromesaldietako lehenengoa abuztuko azken igandean izaten da eta milaka dira, gutxienez, Zelatungo zelaietara hurbiltzen direnak. Alta, han izaten den jan, edan eta dantza festaren ondoren, gutxiago izango dira gurutzeraino iritsiko direnak.

Eraldaketa

70eko eta 80ko hamarkadetan herrietako jaiek jauzi nabarmena egin zuten. Ordura arte festen nondik norakoa nagusiki eliza erakundeen eta botere politikoen esku egon bazen ere, poliki-poliki, kultur, gizarte eta herri mugimenduek gero eta indar handiagoa hartu zuten festen antolakuntzan. Lehenengo txosnen, rock kontzertuen, aldarrikapenen eta herritarren esku hartze zuzenagoen garaia zen. Horren adierazgarri da Bilboko Aste Nagusiaren sorrera. "Bilboko jaiak hutsalak ziren. Boxeo borrokaren bat, euskal dantza emanaldiren bat, meza.... abuztuan Bilbo hustu egiten zen, jende guztiak kanpora alde egiten zuen", azaltzen dute Bilboko konpartsetako kideek beren webgunean. "Halako batean, lehenengo udal demokratikoak jaien inguruko lehiaketa bat antolatu zuen. Txomin Barulloren proposamenak irabazi zuen eta, auzo elkarteen babesarekin, saria hitz hutsean ez geratzeko eskatu zuten, alegia, jaiak proposatu bezala egin egin behar zirela". Horrela, udalean jaiak antolatzeko batzordea osatu zen PSOEko eta HBko bi zinegotzi buru zirela. "Koadrilak eta elkarteak, konpartsetan egituratuta, jaien antolakuntzari ekin zioten. Alde Zaharrean eta Areatzan izan ziren lehenengo jai haiek eta ahantzezina izan zen. Sekulako giroa piztu zen, eta berehala zabaldu zen jai horien berri. Bilbon udan izaten zen exodoari buelta eman zitzaion, alegia, jendea hirira itzultzen hasi zen". Txosnak, jai egitarau herrikoia, partehartzailea, konpartsak jaien bultzatzaile nagusi eta festaren bihotza, guztientzat pentsatutako egitaraua... Bilboko Aste Nagusia jai herritarren eredu bikaina bihurtu zen, gaur egun dena bihurtzeraino.

Herriko jaien izaera aldatuz joan da denborarekin. Herri askotan udako jaiak kanpotarrak erakartzeko amutzat erabiltzen dituzte udal askok. Kasu askotan erabat merkantilizatu dira jaiak eta, garai batean herritarrek parte hartzen zuten festa batzordeak zeuden lekuan, gaur egun jai egitarauak osatzen eta antolatzen lan egiten duten enpresak daude. Gero eta gehiago dira katering bidez egiten diren herri bazkari eta afariak. Lehengo dantzaldiek indarra galdu dute, nola erromeriak hala berbenak, eta Dj formulak, esaterako, gorakada nabarmena izan du. Beste festa molde bat da. Pixkanaka-pixkanaka, 70eko hamarkadaren bukaeran eta 80ko hamarkadan arautu gabe zeuden hainbat espaziok eta kontzeptuk gero eta baldintza mugatuagoetara lotu beharra dute: ordutegiak, segurtasun arauak, osasun baldintzak, baimenak... Festa bere izaera basapiztiena galtzen ari dela esan al genezake?

Jai herrikoien eredua kolokan?

Maiatzean Iruñeko Peñek, Gasteizko Brusek, Bilboko Konpartsek eta Donostiako Piratek adierazpen bateratua egin zuten, kultur, gizarte, kirol eta arte munduko hainbat eragilerekin batera. Bilboko Konpartsen federazioko presidentea den Iñaki Uriartek eta aurtengo Aste Nagusiko txupinera Maite Perezek "Jai eta Herri kulturaren aldeko manifestua"ren berri eman zuten.

Bultzatzaileen arabera, manifestua Euskal Herriko jaien gainean dagokeen mehatxuen hausnarketa da. Horrez gain, "jaia bizia eta gizartea askea, osasuntsua eta sortzailea" izateko proposamenak egiten ditu.

Hainbat dira manifestu hau egitera bultzatu dituzten kezkak: Bilboko iragan inauterietan gertatutakoak, Iruñean txosnak jartzeko debekua, brusa koadrilen eta Gasteizko udalaren arteko tira-birak edota hainbat artistari ezartzen zaien zentsura bera. Hori dela eta "festaren berezko zentzua mantentzeko eta sustatzeko" asmoz osatu dute sei puntuz osatutako agiria. "Jaien merkantilizazioa, zentsura politikoa, ikuskizunaren alde eta pate hartzearen aurka egitea, dirulaguntzen murrizketa... kezkatzen gaituzten era horretako alderdiei aurre egiteko ekimena da", Iñaki Uriarteren hitzetan. Bere hitzetan, "gure ustez, festak ez du izan behar programa batean zerrendatutako ikuskizun andana hutsa. Hori baino gehiago izan behar du, eta, horregatik, jende guztiak parte hartu ahal izango duen jaien alde ari gara lanean".

Momentuz, manifestuak eragile ugariren babesa eta atxikimendua bildu du dagoeneko. Bilboko konpartsen webgunean bertan ere atxikimendua emateko aukera dago.

Franco garaiko festa haiek...
Garai bateko festak erlijio ospakizunei egungoak baino lotuagoak eta mugatuagoak bazeuden ere, orduan ere izaten ziren ekitaldiak eta ospakizunak haur, gazte eta helduentzat. Francoren diktaduraren garaiko festak ziren. "Hiru egun jarraian jai izaten genuen. æSabado inglesÆ eta horrelako ezer ez zegoen garaian, hori asko zen" kontatzen du Zumaiako Bixente Esteibarrek herriko San Pedro jaiei buruz. "Guretzat dena taberna zen, eta gero, gaueko hamarretan-edo, bi hiru pieza dantzan egin eta balekoa". Orduan ere izaten ziren, ordea, jendeak parte hartzeko ekitaldi ugari. Gaur egungo egitarauetan agertzen direnak baino gehiago zenbait kasutan. "Denetarik izaten zen. Futbolean plaierotako finala jokatzen zen, farorako paseoan ætiro al platoÆ. Plazan asto karrerak izaten ziren, zaku karrerak eta neskak bakarrik ere bai, zeinek korri gehiago egin. Zinta karrerak ere bai, bizikletan martxan zoazela, makila txiki batekin zintzilik zegoen zinta uztaian kateatu eta dena kanpora atera behar izaten zen. Uretako festak ere ederrak ziren: kukaina, ahatea harrapatzea...". Festa egutegia eta jaia egiteko aukera gaur egungoa baino murritzagoa izateak ere bazuen bere eragina jendearengan. "Orduan beste ezer ez zegoen eta jende guztiak kalera irteten zuen haiek ikustera". Festetan herrietako kaleen itxura ere ez zen oraingoa. "Prozesioak eta izaten zirenean balkoietan zapi zuriak edo izarak jartzen ziren. karlistek ez, jakina, horiek bandera espainolak".


Azkenak
2018-02-25 | Axier Lopez
Aman Komunak
"Ez gara jabetzen herri mugimenduak Euskal Herrian duen indarraz"

Ibiltzen hasi berria da, baina esperientzia eta bizipen asko biltzen du Aman Komunak sareak, herri mugimenduko hainbat taldek eta kidek osatzen dutelako. Joan-etorriko izaera izan nahi du: bakoitzaren kolektibotik sare orokor bat aberastu, sareak tokian tokiko eguneroko lana bizitu dezan. Sorreratik ari dira parte hartzen Maddi Sarasua Errekaleorren bizi den itsasuarra eta Urruñako Hartzea Lopez.


Garaipen historikoa

Borroka luzea da Bretainiako Notre Dame des Landes-eko aireportuaren aurkakoa. Ia 50 urtez aritu dira ingurune naturalaren suntsipena eta han bizi diren herritar eta nekazarien kanporatzea eragingo zituen proiektuaren kontra.


2018-02-25
Arbitro batek dio euskara batuan hitz egiten ez duten jokalariak zelaitik botako dituela

Joan den asteburuan epaile andaluziar batek Idiazabalgo eta Elgoibarko futbol jokalariak gaztelaniaz aritzera derrigortu ostean, aste honetan beste arbitro batek eman du notizia: euskara batuan  hitz egiten ez badute, zelaitik kanporatuko dituela esan die Aurrera Ondarroa eta Arratia CD taldeetako jokalariak.


2018-02-25
Bill Cosby eta Kevin Spacey ohorezko kide izendatu ditu OXFAMek

OXFAMek, mundu zabalean injustiziak eta pobrezia borrokatzea helburu duen erakundeak, ohorezko kide izendatu ditu Bill Cosby eta Kevin Spacey aktoreak, urte luzez egindako lan humanitarioa txalotzeko.


2018-02-25 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Eufemismorik ez!

Publizitate eta babesletza instituzionala Gipuzkoako Aldundian
Hedabideetan eragiteko tresna politikoa

Publizitate instituzionalen eta babesletzen bidez, zein komunikabidek jasotzen du diru gehien eta zein dira bazterrean geratzen direnak? Zein dira banaketarako irizpideak? Gipuzkoako Aldundiaren kasua aztertu du ARGIAk, datu publikoak ematen hasi baita –bera da bakarra–. Aperitibo gisa: diru gehien El Diario Vasco egunkariari eman zion iaz ere Aldundiak, 399.075 euro; eta konparaziorako, ARGIAri 4.293, ia ehun aldiz gutxiago. Herritarren ezagutzatik urrun, diru publikotik ehunka... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude