Iruñean jaio zen Pilare Alba 1913ko azaroan, baina Goizuetan hezi eta hazia da. Eta bertan bizi da gaur egun. Donostian Magisteritza ikasketak burutu ondoren, Elizondoko lehen ikastolan andereño izan zen 1935-1936 ikasturtean. Gerra hasi zenean Bizkaira jo zuen eta Mundakako Euskal Eskolan irakasle izan zen umeekin erbestera joan arte. 23 urte zituen Donibane Garazira, andereño joan zenean.
Gerraz zer oroitzapen dituzu?
Ikastoletako kontuekin andereño bezala ezagutzen nindutelako, euskal eskoletara deitu ninduten eta Mundakan aritu nintzen gerra bitartean. Bermeora joaten ginen denbora pasa baina gero ez, ezinezkoa zelako. Orduan Bilbora, Ibañez de Bilbao kalean izaten genuen etxe batera joaten ginen asko. Bertan ikusten genuen umeen dokumentazioa, zein joaten zen kanpora eta zein geldituko zen. Umeez eta jende guztiaz arduratzen ginen. Bestalde, beti beldurrez, lasterka eta ezinean.
Zer nolako harrera izan zenuten Donibane Garazin?
Jende asko joan ginen. Ziutadela dena moldatu zuten gu sartu ondoren. Nik herriko familiekin egiten nituen tratuak, euskaraz bazekitelako. Gainera familia bat neukan, gure familiak ezagutzen zuena, Aranburutarrena, eta haiengana joaten nintzen igandero bazkaltzera. Frantziako agintariak ez ziren hurbiltzen eta herrikoak ere hasieran gaizki, baina gero ikusi zutenean zein zen egoera, dena aldatu zen. Guk Ibarnegarayri ez genion kasu egiten. Gure bizimodua egiten genuen. Gerra zen, eta gerratik kanpo geunden gu, baina familiak banatuta zeuden, haurrak gurekin eta familiak ahal zuten moduan.
Koloniaren antolakuntzaz, zertaz oroitzen zara?
Ni ume txikiekin nengoen, bost urtekoekin. Beraiekin egiten nuen lo ere. Kortina batzuk jartzen genituen tartean, baina gela berean geunden. Entretenitu behar nituen eta irakatsi ere bai. Ni euskaldunekin ibili nintzen beti. Zatituta baitzeuden, euskaldunak eta erdaldunak. Jende asko ginelako, bazkaltzeko esate baterako, txandaka ibiltzen ginen. Umeek ez zuten denbora galdu, guk irakatsi egiten genien, eskola eta guzti, eta etxean bezala bizi zitezen saiatzen ginen.
Bi gerra handien artean ibili zineten. Nolakoa izan zen itzulera?
Hemengo gerrarri buruz jasotzen genuen informazioa. Amaitu zenean etxera etorri behar izan genuen eta, jakina, etxea beti etxe da. Familiak nola zeuden ez genekien, haurrak jaso zitzaketen edo ez. Batzuek, kargua zutenek, ezin zuten hona itzuli eta Ameriketara jo behar izan zuten. Besteak itzuli egin ginen. Franco egotea ez zitzaigun inporta. Kasu gutxi egiten genion, ez genion beldurrik. Ni Guardia Zibiletik pasatu nintzen. Nire familia oso ezaguna zen, Loiartetarrak, abertzale porrokatuak gainera... baina deus ez ziguten egin. Gero 70 urte bete arte, ikastoletan egin nuen lan. Dena ahaztu zait, urteek ez dute barkatzen.