Informazioaren Gizartea. Hala esaten diote adituek mendebaldeko herrialde aurreratuetan bizi-edo dugun »bizi-edo gaituen-gizarte moduari, informazioa omen baita gizarte modu horren ardatz, muin eta bihotz. Eta, aldez behintzat, hala da hori. Sekula baino ahots gehiago entzuten da bazterretan, eta sekula baino bazter gehiagok eskaintzen du ahotsa entzunarazteko aukera.
Nago, ordea, ahotsak ugaltzenago eta diskurtsoak berdintzen, bat egitenago ez ote doazen. Ahotsen ugaritasunak ez du, berez eta besterik gabe, polifonia bermatzen, ez behintzat ahots guztiak partitura bat beraren arabera badihardute. Eta hori da, gutxi-asko, hedabideetan gertatzen dena. Iritziak iritzi, Diskurtso Bakarraren Basamortu horretan, oasi bakan izan dugu urteetan Marianoren ahotsa, moda guztien gainetik eta lubaki guztien azpitik.
Orain erretiroa eman dio Marianok bere ahotsari. Zilegi ez ezik, ondo merezia du atsedena, eta goza dezala luzaroan. Ahotsarekin batera, diskurtso bat ere isilduko da beharbada, baina barka ezina litzaiguke Marianoren irakatsirik behinena aintzat ez hartzea: nork bere diskurtso propioa eraiki beharra, alegia.