Ezker Abertzalearen oinarri sozialak berriki erakutsi du hirutan urtebetean, eta azkenik, hauteskunde europarretan bere apustuaren sendotasuna ez dela nolanahikoa. HZk lortutako emaitza apartekoei muzin egitea ezinezko bihurtu zaie Ezker Abertzalea legalitate espainiarretik kanpo utzi zuen Alderdi Popularrari, Europarako zerrendaren bertan behera uztea sustatu eta lortu zuen Zapateroren gobernuari eta noski, Alderdien Legeak ematen dien abantailaz baliatuta Ezker Abertzalearen ordezko papera jokatu nahi zutenei. Horiek guztiek ikasiko ahal zuten behingoz ezinezkoa dela Ezker Abertzalearekin bukatzea, ez makilaz ezta azenarioaz ere.
Ezker Abertzaleak beraz, ilegalizazio politikaren zilegitasun eza eta antzutasuna agerian utzi ditu, eta hori gutxi balitz historikoki beharrezkotzat jo dituen terminoetan kokatu du eztabaida politikoa.
Egun, gure herriko gehiengo sozialak nabarmen egiten du bat aldaketa politikoaren beharrarekin. Gure herriak gatazka politikoaren gainditzearen aldeko apustu egiten du eta testuinguru horretan Ezker Abertzaleak eskua luzatu eta eskaintza politikoa egiten du. Hor kokatzen du Ezker Abertzaleak datorren ikasturte politikorako erronka: urratsak eman nahi ditugu Euskal Herriko eragile demokratiko guztiak autodeterminazioaren aldeko estrategia berean kokatuko dituen eskenatoki politiko berri baterantz.
Lizarra Garazi Akordioan zehaztu genituen gatazka gainditzeko edukiak: herriaren hitza eta erabakia errespetatu. Orain ekintzetara pasatzeko garaia heldu da. Aldarrikapenetik ekintzetara. Orain definitu behar duguna da nola egiten dugun Euskal Herriaren erabakia errespetatua izan dadin, nola egiten dugun bide hori. Eta horrek erantzun xinplea du guretzako: herriari galdetuz. Herriari galdetu behar zaio. Herriak hitz egin dezala. Herriak erabaki dezala.
Hori dela eta, Ezker Abertzaleak abian jarri nahi du euskal eragile oro Akordio Nazionala erdietsi bidean hiru zutaberen inguruan: Euskal Herria/Autodeterminazio Eskubidea/Herri Galdeketa. Hor kokatu behar da Batasunak berriki publiko egindako eskaintza Ibarretxe Planak zilegitasun politikoa oinarritzen dituen ardatzen inguruan aliantza berriak bilatzeko asmotan.
Ezker Abertzaletik ez dugu ulertzen nolatan ez den zazpi herrialdetarako egitasmo politikorik aurkezten Gasteizko hirukoitzetik Ibarretxe Planaren hitzaurrean zazpi herrialdeen araberako euskal zilegitasuna azpimarratzen denean. Hobeki esanda, oso ongi ulertzen dugu zergatik egiten den horrela EAJren kultura politikoa ezagututa baina ez diogu inongo logikarik aurkitzen; areago, zilegitasuna zazpitan bilatu geroko asmoak hirutarako aurkezteko guztiz kontraesankorra dela esanen genuke.
Horretan datza zertzelada lodian emanda Ezker Abertzalearen eskaintza; horra gure prestutasuna euskaldun guziontzako Plana osatzeko, bazterketarik gabea, aipatutako hiru zutabe horietan aurkitzen den euskal zilegitasunean oinarrituta. Beraz, ez gara Ibarretxe Plana negoziatzeaz hitz egiten ari; herri osoarentzako Planaz ari gara, beti ere zazpiren araberako Akordio Nazionalaren testuinguruan, zazpirentzako eta bakoitzarentzako, baina inola ere ez hirurentzako.
Beraz, guretzat argi dago garaia heldu dela Euskal Herria autodeterminazioaren alde arituko den akordio erraldoia martxan jartzeko. Zeren eta hori oso garbi daukagu: hemen ez dago normalizazio politikorik ez konponbiderik, Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea aitortu ezean.
Eta hori horrela, ordua iritsi da eragile bakoitzak bere lekua eta jarrera definitu dezan, presarik gabe baina baita gelditu gabe, seriotasunez eta ardura politikoz. Behin berriro ere, gakoa euskaldunon eskutan dago, inondik ere Madrilen edota Parisen.