argia.eus
INPRIMATU
Gabriel Arestiren etxea
Karmelo Landa 2004ko uztailaren 25
Gauden uztailaren 24rako Bizkaiko Eako herrian Gabriel Arestiren Eguna deitu dute. Itsasaldeko herri txiki honetan hartu zuen etxea Arestik bere bizitzaren azken bi urteetan, eta bertan idatzi zuen, bertatik komunikatu zen, gutunez nahiz telefonoz, bere adiskideekin; han hartu zituen, batzuetan, lagunen bisitak. "Herri oso polita da, baketsua ezein baldin bada munduan, plaia tipi baina eder batekin, basoak eta mendiak edonundik, jendea zeharo euskalduna eta guztiz atsegina", ziotson Txomin Peillen adiskideari, bertara gonbidatuz. "Ea uda honetan agertzen zareten, baina ez zaiteztela Bilbaotik ager, hemendik ahalik eta maizen ihes egiten baitut", idatzi zion Arestik lagunari. Bilboko Abandon bizi izan zuen Arestik, hamabost urte lehenago, Sabin Etxea lurrarekin berdindu zuten unea, eta salaketa poetiko solemnea idatzi zuen orduan Aranatarren etxearen eraispenaz. Baina Ean ere ez zegoen orduan Arkadiarik, zentral nuklearra inguruan egiteko ziren, eta haraino ere heltzen zen Josepa Mendizabal Zaldibian penatzen zuen min etsia. Gerora, Sabin Etxea eraiki dute, oparo, beste arkitekto batzuek, baina Arestiren etxeak irauten du... oraindik eraiki gabe.