Hamabostaldia hastear
hirurogeita bosgarren aldia beteko du aurten Donostiako Musika Hamabostaldiak. Urtero bezala, eskaintza anitza izango da. Operak aparteko garrantzia izango du aurtengoan eta horren lekuko eskainiko diren Verdiren Un Ballo in Maschera operaren hiru emanaldiak. Salvador Daliren jaiotzaren mendeurrena dela-eta, Andaluziako Dantza Zentroak okasiorako atondu duen ikuskizuna izango da ikusgai. Antzinako musikaren zikloak, ganbera musikakoak eta musika garaikideari eskainitakoak ez dute huts egingo. Lehenean Heinrich Biber konpositorea omenduko dute eta ganbera musikari eskainitakoan, aldiz, Antoine Charpentier. Xacobeo urtea dela-eta, Santiagoko bidearekin harreman estua duten herrietan »Irun, Donostia, Zumaia, Mutriku eta Orio» zuzeneko kontzertuak eskainiko ditu Hamabostaldiak.
Errobi, kulturen topaleku
Atzerriko eta Euskal Herriko artisten emanaldiez gozatzeko aukera izango da Itsasun egingo den Errobiko IX. Jaialdian. Besteak beste, Haiti, Kamerun, Txina, Maroko eta Aljeriatik etorritako dantzari, abeslari eta musikariek euren dohainak erakutsiko dituzte, Atarri gunean, uztailaren 22tik 24ra bitartean. Bake egile eta eraikitzaileak lelopean, hainbat hitzaldi eta eztabaida izango da, Itxaro Borda eta JosAnton Artzerenak, esaterako. Horrez gain, artisautza merkatua eta arte erakusketak ere izango dira.
Artea eta gastronomia eskutik lotuta
ikusmena eta dastamena asetzea du xede Iruñeko Alde Zaharreko merkatarien elkarteak antolatu duen PaseArte programa berritzaileak. Hiritarrak arte galeriek eskaintzen dituzten pintura eta argazkilaritza erakusketak ikustera anima daitezen eta lehen mailako pintxoez gozatzea da helburua. Carlos Ciriza, Area de Arte, Molmar, San Antón eta Maissonave hoteleko Iruña fotogaleria dira ekimenean parte hartzen duten erakustaretoak. Pintxoak eskainiko dituzten tabernak, berriz, Baserri, Baviera, Gaucho, Burgalés eta Iru dira. Hiru hilabeteko iraupena izango du PaseArtek eta arrakasta badu, luzatu egingo dute.
Araba eskulturaz eskultura
Duela hiru urte abiatu zuen Vital Kutxak Araban ibilbide eskultoriko bat sortzeko lehiaketa. Orduan jarritako helburuak bete dituzte jada eta hamahiru eskultura daude jarrita lurralde osoan. Arduradunen arabera, oso arrakastatsua izan da lehiaketa eta baliteke etorkizunean berriz abiatzea. Orain arte egindakoa Vital Kutxa Fundazioaren Gasteizko Luis Ajuria aretoan ikus daiteke, bertan bildu baitituzte eskultura bakoitzaren maketak, argazkiak eta bideoak. Halaber, gida bat eta mapa bat argitaratu ditu Vital Kutxak eskulturen kokapena ezagutarazteko. Horietan koadrilei eta eskultura duten herriei buruzko datu interesgarri eta turistikoez gain, artelan bakoitzaren informazioa bildu da.
Kultur ekitaldiek kalea hartu dute
Udan sartzen garen momentutik, kalean denbora gehiago egotea eskatzen digu gorputzak, dela mendian, dela hondartzan, dela terrazetan. Bizi erritmoa moteltzen zaigu, gorputzak ez ezik buruak ere atsedena behar baitu. Nork bere modura bizi du uda, batzuek urte osoan zokoratutako liburu sakonak irakurtzen dituzte, bestetzuk ez dute lerro bakarra irakurtzen. Urtean zehar antzokira joan ez arren, herrian egiten diren kale emanaldietatik bat bera galtzen ez duenik ere bada. Denetarik dago. Udan kultur ekitaldietatik urrundu ez gaitezen, geroz eta ekimen gehiago dago: zinema kalean, aire libreko pintura lehiaketak, musika kontzertuak... Asmo bera du aurten 20. aldia duen eta Getxon egiten den Letren Terrazak ekimenak. Udal Liburutegiak etxolak jartzen ditu herriko plazetan eta liburu, egunkari eta liburuak ematen ditu maileguan. Udan giro delako.
Aurkikuntza bitxiak.
Zeinek ziurtatzen du urtetan benetakotzat jo diren artelanak hala direla? Beti geratzen da zalantzarako tartea. Zalantza sortzen dute baita ere bat-batean egiten diren aurkikuntzek eta harridura ere pizten dute. Horietakoa dugu turista ingeles batek Australiako azoka txikian erositako maletaren kontua. 30 euroren truk erosi zuen beteta zegoen maleta zaharra. Zer eta Beatles taldearen 400 argazki, taldearen abesti ezagunen bertsioak , inprobisazioak, kantu argitaragabeak... topatu zituen barrenean. Christie’s enkante etxeak maletan aurkitutako materialaz interesa agertu du jada. Gurean ere izan da albiste bitxirik. Juan Moya bizkaitar ostalariak margo bat jaso zuen opari Itsaso Beltzean. Etxeko txokoren batean gordeta zuen, duela egun batzuk margo huraxe egunkari batean ikusi zuen arte. Aita Santuak Moskuko Eliza Ortodoxoari Kazango Ama Birjinaren margolanaren erreplika bat emango ziola zioen egunkariak. Ostalari bizkaitarrak benetakoa duela uste du.
Ikusteko musika.
Horixe da irailaren 5era arte Irungo Amaia kultur zentroan paratu duten erakusketaren goiburua. Izan ere, bost kontinentetako eta 65 herrialdetako musika instrumentuak dira ikusgai. Bertan dauden 190 musika tresnak Jose Luis Loidi eta Lourdes Yarzaren bildumakoak dira. Guztira, azken hogeita lau urteetan 2.400 instrumentu bildu dituzte. Biltegi batean gordetzen dituzte. Lekuaren baldintzak onak dira, baina ezin diote behar dituen baldintzak (hezetasuna...) eskaini tresna bakoitzari. Garai batean, bidaiatu egin behar zuten tresna berriak eskuratzeko; egun, Internet bidez eskuratzen dituzte.