argia.eus
INPRIMATU
Bizkaia soineko berriez jantzirik
IƱigo Txintxurreta 2004ko uztailaren 25

Bizkaiko turismoaren azpiegiturak aberastu dituzten eta osatuko dituzten proiektuak izango ditugu hizpide erreportaje honetan. Bizkaiko eskaintza turistikoa borobila izango da etorkizunean, dagoeneko martxan dauden eta laster irekitzea espero diren zerbitzuekin.

Azken urte hauetan Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Saila enplegua sortzeko azpiegitura berriak sustatzen ari da, bai ekoizpen alorrean baita zerbitzuen alorrean ere. Lan eta trebakuntzarako azpiegituren proiektuak babesten eta bultzatzen ari dira buru belarri, sail honen buru den Sabin Arana foru diputatuak adierazi digunez.

Karpin Abentura eta Aquariuma

Oraingoz bi azpiegiturek ireki dizkiote ateak jendeari: Karpin Abenturak eta Abra Aquariumak. Lehena guztiz arrakastatsua suertatu da. Aspaldikoa zen El Carpin animalien parkean Bizkaiko Dinosauruen parkea kokatu zuten, geroago Karpin Abentura izena hartuko zuena. Gaur egun hainbat gune ezberdin ditu: Dinosauruen garaia lantzen duen Terrasauro gunea, dinosauruen ondorengo animaliak aurkezten dituen Gastornisland, historiaurretik gaur egunera arte iritsi zaizkigun animaliak, haurrentzako Dino Txiki gunea eta laster zabalduko den Darwin jauregia. Aurtengo helburua 125.000 bisitari jasotzea izanik, Gastornisland inauguratuta eta Dino Txikin hobekuntzak eginda, marka erraz lortuko dutela dirudi.

Aurrera begirako proiektuak

Gerora begira, dagoeneko hainbat proiektu dago aurreratuta eta laster beste ate batzuk zabalduko dira guztion gozamenerako: Bermeoko XVII. mendeko Bale-Galeoia, Txakolin Museoa Leioan eta Mungian kokatuko den Olentzeroren baserria. 2004 bukaeran edo 2005ean dago aurreikusita haien inaugurazioa.

Beste batzuek, aldiz, denbora apur bat itxaron beharko dute, 2006. urtean zabalduko baitituzte ateak seguruenik: Muskizen kokatuko diren Itsaspeko Parkea eta Dorrearen Jauna, Lanestosako Kobenkoba, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eta Bioaniztasunaren Interpretazio Zentroa Busturian, Balmasedako Mitologi Museoa eta Atlantis.

Azken hau da proiekturik liluragarriena, "Zientzia eta Ingururoaren Hiria" Lemoizko Zentral Nuklearraren hondakinetan baitatza, baina baita burutzeko zailena ere, Iberdrolak beste asmo batzuk dituelako toki berezi honetarako, zentral termikoa egitea, alegia.

Azkenik, aipagarria da EHUren ondoan eraiki nahi den Protoien Azeleragailua eta Ezpalazioen bidezko Neutroien Iturria, dudarik gabe Euskal Herrian ikerketa zientifikoa bultzatuko duen proiektua.

Jauretxeak, autore-sukaldaritza dastatzeko lekuak
Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Sailak sustatuta, uztailaren hasieran Kalitate Bikaintasuneko Hotel Sare berria aurkeztu zen. Ostalaritzaren ikuspegi berri bati erantzuten dion sare honetan Bizkaiko 6 hotel daude, ondorengo ezaugarriak dauzkatenak: Eraikina ondare historikoa izatea, zerbitzu pertsonalizatua eskaintzea eta eskaintza gastronomikoa zaintzea. Aipatu hotelak jauretxeak dira eta naturgune ederrean kokatuta daude. Jabeek arreta berezia jarri dute tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen autore-sukaldaritzan.

Hauek dira sarea osatzen duten jauretxeak: Arteagako Gaztelua (Gautegiz-Arteagan); Ansotegiko Burdinola (Etxabarrian); Mendi Goikoa hotela (Atxondon); Zubieta hotela (Lekeition); Kaian Hotela (Plentzian) eta Ibarra hotela (Zallan). Aurrerantzean sarera jatetxe gehiago sartuko direla espero da.

Instalazio moderno, eroso eta apainen bidez, naturgune ederrean eta tratu hurbila eskainiz, jatetxe hauek turismoa eta negozio-bidariak erakarri nahi dituzte.

Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Sailak, Bizkaiko Jauregiak ekimenarekin Bizkaian ez zeuden turismo-azpiegitura berriak bultzatu ditu. Eta sektorean lanpostuak eta aberastasuna sortu du turismo arloko enpresa-sare sendo baten bidez. Beti kalitatea zainduz, Bizkaiko Jauregiak ekimenari esker, balio arkitektoniko, historiko eta kultural handia duten eraikinak berreskuratu dira eta balio erantsia eman zaie.