Hau ez da garai bateko Espainiako futbol selekzionatzailea, hau iruzurtzailea da, Gescarterako jabe ofiziala zelako ezaguna. Sosa azkar eta asko metatzeko joerazko bezeriaren bila ibili eta beren sakeletan sekulako zuloa eragin ziena. Ehun milioi euro desagerrarazteko gauza izan zenari, orain urte eta erdi Teresa Palacios epaileak hiru milioiko fidantza ezarri zion kartzelatik irteteko. Orain zazpi hilabete erdira jaitsi zion. Camachok ezin omen zuen ordaindu. Bi hilabete dira 300.000 eurotan utzi ziola. Gizajoak bere amaren eta anaiaren ondasunak behar izan zituen aurre egiteko. Kanpoan da jada. Eta Iñaki Uriari ez bezala, senideen bermeak balio izan dio Soto del Realeko kartzelako ate printzipala igarotzeko. Hau ez doa estatuaren aurka, Gescarterak ez zuen ez egonkortzen gizartea, ez zen Espainiaren etsai, ez zuen Euskaldunon Egunkaria bezala sezesioa bideratzen goizero. Bi militante euskaltzale kualifikatuak bahituak ez baleuzkate, andana bat torturatua eta beharrezko proiektua desegina izan ez balitz, irringarria litzateke, txisteak etengabe sortzeko moduko egoera horietakoa, afalosteak atsegingarriagoak izan daitezen aukera ematen duena. Baina "Hiltzaile bat bezala hemen naramate…" kantatzen segitu beharko dugu.