Euskarazko lehen testu-liburuek gramatika, geografia eta historia lantzen zuten, batik bat. Bazen, hala ere, bestelakorik: matematika, fisika, kimikaà Gehiegirik ez. Apur horien artean, aritmetika irakasteko helburua zeukaten gehienek. Aitzindaria 1913ko Ume koxkorentzat euzkeraz egindako zenbakiztiya edo aritmetika izan zen, eta haren ereduari jarraitu zion 1920ko Lenengo ikasle malarako Euskal-Zenbakiztiak. Aritmetikatik landa, zientziaren alorreko uzta zeharo eskasa izan zen euskarazko testu-liburuen baratzean: Daneurtiztia (1933), geometriari buruzkoa, Pisia (1935), Kimia (1936), eta gutxi gehiago. Sailkagaitzagoa da, berriz, Julene Azpeitia errepublika garaiko pedagogo ezagunak idatzitako Osasuna, Merketza eta Janaritza, hiru arlo horien gaineko aholkuak ematen zituen liburua.
Espainiako Gerra Zibila hasi arte iraun zuen euskal testu-liburugintzaren lehen aldi hark, zabalkundean murritz baina izenburutan oparo. Paulí Dávilak azpimarratzen duenez, "mugimendu hark gero sortu zenerako hazia erein zuen. Ezin uka eskola espainiarra nagusi zela garai hartan, baina kezka agertu zuten apur haien lana ondorengoen eredu izan zen. Izan ere, ideia garrantzitsu bat utzi zuten: Euskal Herria beste modu batez eraiki zitekeela".