Lupinuaren gara segailak tente ditut etxe aurrean eta sua ekarri didate gogora. Yellowstoneko Parke Naturaleko 9.105.435.000 metro koadroetatik 823.601 akre »milioi bat golde» bisitatu omen zituen 1988ko uztailetik irailera bitarteko sute famatuaren ondorengo argazkietan, suaren panorama beltzari buelta emateko lupinua da, antsiaz, lehen azaltzen den landarea.
Ordura arte soilik zientzialari batzuen tesia zenak gero eta indar handiagoa hartu zuen: mendiak, lakuak, ibaiak, urjauziak, geiserrak, belazeak, artzak, bisoiak eta abar bezala, sua parkeko osagarri garrantzitsua zela, alegia. Fosilek, enborren eraztunek eta lurreko errauts pilaketek konfirmatu zuten gero, azken glaziazioaren aurretik ere baziren honelako suteak.
Surik gabe milaka urte bizi diren sekuoien ordez izei zuriek hartu zien, honez gero, gaina, erraldoiei fruitua suak irekitzen baitie eta argi asko jasotzen dutenean soilik ernetzen baitira haien haziak. Era berean suak orbel, egur eta abarren degenerazioa azkartzen du. Landareen hazi, errizoma, sustrai, bulbo, kormoek, hau da, lurpeko egitura edo etxeek, irauten dute eta lupinuaren eran laster kolonizatuko dute ingurua.
Egunero atmosferan zartatzen diren zortzi bat milioi tximistak dira lurreko latitude epeletako su-piztaile nagusiak. Landare koadrila bereziak, klima eta tximista, Ipar Ameriketako suen sortzaile den hirutasuna. Sekuoia erraldoiak, Pinus contorta eta Pinus ponderosa, Cladium jamaicense belarra, Serona repens palmondoa, Taxodium distichum, eta abar luze bat dira suen onuradunak. Berorik gabe irekiko ez diren fruituak, ongarri gisa eta txori eta kattagorrien begi zorrotzetatik babesteko errautsa behar duten haziak, basoaren garapenean aurrea hartuko liekeena erretzen laguntzea... estrategia asko garatu dituzte milioika urtetan landare suzaleek.
Sua ekosistema jakin batzuen parte dela jabetu direnean basozainak beraiek hasi dira sua zabaltzen. Kontrolpeko sute txikien bidez lurrean pilatzen den egurra pixkanaka erreaz, handiek eragindakoaren antzeko oreka ekologikoa lortzen dute, baina hondamendi ikaragarriak saihesten dituzte. Basozain piromanoen pagotxa... Jon Benitoren poesiak nituen begietan lupinuen ondoan: "...Badaki gerraren egoerarik krudelenak/ hurbilduko direnean/ arima ahulduko zaiela soldaduei/ etsaien artean ere elkar besarkatuko dutela..."