argia.eus
INPRIMATU
Idigorasi arrazoi?
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2004ko uztailaren 18a
Bentiladore saltzaile eta haize freskotik bizi direnek iaz baino ere bero handiagoa iragarri ziguten. Beroan ohituxeago dagoen beste bat, berriz, udara lasai hartzeko eginez dabil, oraingoan beroak onik ekarriko ez balu bezala. Martxoaren 11koan adinakoa ez, baina, bere lasaitua ematen du horrek ere. Jon Idigorasek orain dela gutxi aitortu zuen oso zaila dela zenbait kolperi buelta ematea. Adibideak ulergarriak izateaz gain »Alcalá hoteleko atentatua, besteak beste, baina, baita HBren kontrako prozesua ere» aitortza eta frankeza horrek erakusten duen ausardiak ere balio du zerbait.
Muturrekoa jaso eta lehen baino indartsuago gaudela erakusten saiatzea gehienoi, neroni aurrena naizela, ia barrutik ateratzen zaigun gauza da. Askotan, egiten baino kontra egiten gara hobeak, eta azkenean irabazi egin dugula iruditu gainera. Lehendik dagoena aipatu beharrik gabe "Berriaz gain, lau egunkari gehiago daude orain euskaraz kalean, eta beste bi ere badatoz", zioen Uriak, kartzelatik eta Egunkariak itxita jarraitzen duela. "Azkeneko tantoan gaude" zioen Otegik, eta ozen azpimarratzen du ilegalizazioak frakasatu egin duela. Eta, panoramari begiratuta, sakonean, litekeena arrazoi izatea. Litekeena da kontraesanaren bigarren partearekin errazegi kontsolatzea ere.