argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
Katixa Garate 2004ko uztailaren 18a

Lander Garro idazleak esanak Deiari: «Liburu batean topikoak aurkitzea iraingarria da. Irakurtzeko ahalegina hartzen duenari topikoak edo gauza errazak ematea, nire ustez, irakurle horri errespetua faltatzea da».

Karlos Aizpurua Berrian: «14 urtetik gora bertsolaritza uzten duten ikasleetarik gehienak neskak izaten dira. Eta ez da dohainik ez dutelako, ezta hurrik eman ere! Uztearen zantzu batzuk suma litezke, baina aferak merezi du azterketa sakonik. Halaber, ikuskizun da aita bertsolariak entzutea ohikoa zaigun bezala, ama den bertsolaririk saiorik saio ikustera iritsiko garen. Normaltasun seinale litzateke».

Afrika Bibangek zera adierazi zuen euskal musikaz Gaztetxulon: «Produkzioa eskasa denik ez dut esango; ideiak dira eskasak. Beti egiten ditugu gauza berak, musika bera, estilo bera... Eta hori nekagarria da. Haize freskoa ekartzen ahalegindu naiz».

Pello Elzaburu euskal liburugintzaz Karrikan: «Inoiz ez dugu hainbeste eta hain ongi argitaratu. Inoiz ere ez ditugu hainbeste irakurle izan».