Orok badu bere balkoia. Populazioaren zenbatekoaren araberakoa gehienek. Egun seinalatuetan, ikur-oihalez janzten dituzte alkateak ederrago eman dezan. Behetik gora egindako argazkiak izaten dituzte maiteenak, talaia okupatzeak bereziak egiten baititu. Zortzi bat mila herritar uniformatuak azpian ikusteak, denek arreta bakarrean zut beste hainbestez inguratuak harro, edonor berotu lezake. Eta Gipuzkoako Irungoa ere bai. Irratiz entzun diot mezua. Aitortu du ez dela bera irundar guztien alkate, gehiengoarena baino. Gizakorra gisakoa baino. Hain gogoko duen balkoia hutsik utzi du bostehunetik gorako herritar uniformatu eta inguratzen dituztenen gainean. Minoria gizalegez tratatzeak ez dio onik ekarriko, datozen hauteskundeetan zortzi milakoa behar du balkoia okupatuko badu. Berriz ere, minoria iraindua, mespretxatua, erasotua izan da gehiengoaren gutxi batzuen, omen, aldetik. Ez da berria. Ez dago bortxakeriarik hor, minoriaren probokazioa baino. Gera daitezela etxean, izango dute zer egin eta marimatxo eta maritxu halakoak. Balkoi horretatik entzun nuen Juantxo Villarreal bertso kantari Bidasoak Eurokopa ekarri zuelarik. Egun ez da halako alarderik, nahiz eta Santano jauna denbora luzez Gipuzkoako kirol arduraduna izana den. Ergel hori.