Balsetxea, elkarbizitza esperimentua duela 25 urte


2004ko uztailaren 11n
UEUko ikastarotan hasi zen abentura hau dena, Josu Iztuetak klase baten bukaeran elkarbizitza esperimentu bat proposatu zuenean. 60 lagun hurbildu ziren, Iztuetak aitortzen duenez, «batzuk morboagatik, besteak jakin-minez...». Ikustera asko etorri bai, baina gero putzura salto egiteko prest agertu zirenak 6 izan ziren. Batzuek jada udako planak eginak zituztela, beste batzuek ez zirela ausartzen, Iztuetak bizitza segururako dugun joerarekin lotzen du jendeak atzera egin izana: «Geroztik ere, bizitzan askotan entzun dut: ‘joango nintzateke, eta egingo nuke...’. Baina inoiz ez da ‘banoa edo egingo dut’. Berdin da beka batekin Amerikara zoazen ikastera, edo bizikleta batekin Txina zeharkatzera. ‘Egingo nuke’ horri beti eransten zaizkio atzetik mila ‘baina’. Horrela lasaitzen dugu gure burua, benetan egin ditzakegun gauzak ez egiteko. Askoz maila txikiagoan, baina honekin ere berdin gertatu zen».

Baltsa tripulazioa nola osatu

Sei lagunek eman zuten hasieratik izena: Andoni Estonba, Txus Arregi, Amaia Sarasua, Mikel Agirreazkuenaga, Dina Bilbao eta Josu Iztuetak. Abentura bilatzen zuten zazpiek, eta gehienek irakurria zuten gizon eta emakumeen portaera aztertzeko baltsaz Ozeano Atlantikoan egindako Acalli bidaia antropologikoari buruzko liburua, Viven ere furi-furian zegoen... Baltsarako hiru neska eta hiru mutil ziren, eta Iztuetak gogoratzen duenez: «Acallin esaten zen, kopuru txikia eta parea bazen, elkarbizitzan tirabirak gertatu zitezkeela, eta komeni zela aurrera edo atzera egin erabakiko zuen zazpigarren bat. Orduan eman zuen izena Jesus Mari Txurrukak». Txurruka, ordea, Andoni, Dina eta Amaiaren irakasle zen, eta garai hartan 19 urteko gazte artean irakaslea joatea ez zen udararoko kontua. Txurrukak berak ongi gogoratzen du jaso zuen erantzuna: «Lehenengo euren artean eztabaidatu behar zutela esan zidaten, ea onartzen ninduten ala ez. Neurri batean, logikoa zen».

Baltsako bizitza

Igerian, eguzkia hartzen, irakurtzen eta hizketan pasatzen zuten eguna. Estonbak azaltzen duenez, «ez genuen araurik jarri, gauzak oso erraz atera ziren, natural». Acalliko esperientziaz eta giza harremanez hizketan orduak pasatzen zituzten. Txurrukak ekarri du orduko eztabaida bat mahaira: «Acalliz eta hitz egitean, lidergoaren gaia ateratzen zen, ea baltsan zer lider zegoen. Lider naturala Josu zen, berak antolatu baitzuen abentura. Ez geneukan zeregin berezirik, eta beraz, beste lidergorik ere ez. Tira, janaria nik prestatzen nuen eta horrek ere ematen du erabakitzeko gaitasun bat... menua beti bera bazen ere!».

Egunak goizetik hartzen zuen umore puntua, Iztuetak gogoratzen duenez: «Agirreazkuenagak goizean esnatu orduko ematen zuen eguraldi partea. Irrati esatariaren ahotsa jartzen zuen eta ‘gaur eguzkiak gogor joko du...’ hasten zen. Antzerki ukitua ematen zion egunari». Gauetan, berriz, Arregirekin ikasi omen zuten izarrak desberdintzen: Hartz handia, txikia, kasiopea...

Deriba zulatua

Nabigazio kontuetan ez omen ziren oso iaio ibili. Aingura bat egin zuten, burdin puska handi bat 50 metro sokari lotuta. Taxuz erabiltzen jakin ez, ordea: «Aingurak hondoa jo zuenean, soka lotu egin genuen. Gerora ikasi dugu aingurak hondoa jotzean, beste hainbeste soka bota behar dela, bestela, olatuek baltsa altxatzearekin batera, aingura ere saltoka zihoan», gogoratzen du barrezka Iztuetak.

«Deriban ibili ginen» abentura kutsua emanaz, Txurrukak. Egunero baltsaren kokapena konprobatzen zuten, eta bi arraunekin eta plastikoz egindako belarekin aritzen ziren Esan aurrera eta atzera. Baina urarekin beste tirabira bat ere izan zuten.

Gau batean, baltsaren aire kamaretako bat zulatu zitzaien. Pisu dena orekatu behar izan zuten berriz, eta baltsa murritzagoa geratu zitzaienez, Arregik ederki oroitzen du nola pasatu zuen gaua: «Ur ertze-ertzean lo egitea tokatu zitzaidan. Buelta emateko ere, ondo esnatu beharra zegoen, bada ezpada ere! Geroztik pentsatu izan dut, baltsak hondora egin izan balu, ni ez nintzela igerian ur ertzera iritsiko. Gaur egun ere ez, e!»

Nudismoa

Lehen bainua tapakiekin hartu bazuten ere, gero, natural biluztu omen ziren. Garai hartarako nudismoa «oso hippya» zela oroitzen du Estonbak. Lehendik Landetan edo Pirinioetan biluzik bainatuak ziren batzuk, baina ez zela gauza bera azaltzen du Iztuetak: «Desberdina da hondartza zabal batean biluztea edo hain espazio murritzean, pasaeran nahi gabe ere elkar ukitzen duzun tokian biluztea. Espazio txikiak ematen zuen estuasun hori».

Baltsan ez zegoen zer eta non ezkutaturik. Komuna ere, baltsaren neumatiko bat lonaz estali gabe utzita moldatu zuten.

Ondorioak eta ondorena

Esperientzia hark jendearekiko harremanetan irakatsi omen zien, batik bat. Halako leku txikian bost egunez egoteak lotura berezia sortu zuen kideen artean. Arregiri esperientzia hartatik geratu zaion inpresioa da ez zirela itxuratan ibili, bakoitzak berezko izaera agertu zuela. Hala ere, Txurrukak dioenez, «norberaren benetako nortasuna azaleratzeko larritasun egoera bat behar da. Han ez genuenez horrelakorik izan, itxura zaindu genezakeen. Beste gauza bat litzake kamara denak zulatu izan balira». Iztueta bat dator horretan: «Arriskua da gakoa. Heriotza hurbil denean, gauzak aldatu egiten dira. Tripa betearekin edo hutsarekin hitz egitea bezala da, umorea aldatu egiten da. Horrelako egoeretan ateratzen da bakoitzaren onena eta txarrena. Guk ez genuen betarik izan horretarako».

Denak bat datoz oso esperientzia berezia izan zela, eta Iztuetak gehitzen duenez, «niri bizitza asko aldatu zitzaidan. Han ezagutu nuen Dina, eta geroztik elkarrekin bizi izan ginen 15 urtez. Gainera, geroztik bidaiak antolatzen egin izan dudan lanarekin lotuta dago baltsako esperientzia. Ordutik bidaiatu izan dudanetan, espazio mugatu bat 20 lagunekin konpartitzea tokatu zait. Baltsa asko izan d ira nire bizitzan».

Arregiri telebistako Anaia Handia eta antzerako programek ekarri diote, geroztik baltsa burura. Lehen aldiz horien berri entzun zuenean, horrela bota omen zuen: "Ba, nik hori aspaldi egin nuen!". Hala ere, oso bi gauza desberdin direla garbi dute denek. Txurrukak azaltzen duenez, «gurea baltsa barruko bizipena izan zen. Telebistakoak, berriz, kamerari begira antzezten aritzen dira».

Agirreazkuenagak planteatu du kritika: «Niri pena ematen dit horrelako abentura zaleak gero unibertsitate irakasle bihurtzeak. Oso bizitza ziurra egiten dugula esan nahi dut». Eta bakoitzak bizitzaren baltsa nola eraman duen aztertuz hizketan jarraitu dute...


ASTEKARIA
2004ko uztailaren 11
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude