argia.eus
INPRIMATU
Bakailaoa pil-pilean
Hasier Etxeberria 2004ko uztailaren 11

Osagaiak:

4 puska bakailao beratu eta lehor, 250 gramo bakoitzak
Oliba olioa, gradu batekoa (1°), puskak ongi estaltzeko moduan
8 baratxuri ale oso
Kaienako pipermina, mutur bat

Bakailao puskak ongi sartuko diren kazola batean isuriko dugu olioa eta gaineratuko ditugu baratxuri aleak eta pipermina. Su eztitan edukiko dugu kazola, baratxuriak potxatzen eta kolorea hartzen hasi direla sumatu arte. Su ezti-eztitan, 30 bat minutuan. Atera, xukatu eta gordeko ditugu baratxuriak, olioak kazolan dirauen bitartean. Olioa epel dagoela kazolaratuko ditugu bakailao puskak, azala gora, eta ezti-ezti gozatzen utziko ditugu 8 bat minutuan. Sutatik aterako dugu ondoren kazola.
Ongi xukatu ondoan, arestian erabilitakoaren antzeko kazola batean jarriko dugu bakailaoa, baina olio xorta batez »lehen erabilitako olioa bideratuko dugu berriro». Kazola su eztitan jarri eta leunkiro eragingo diogu kazolari, arian-arian arrainaren gelatina olioa loditzen joan dadin. Horitu egingo zaigu saltsa. Hori lortutakoan, olio epela erantsiko dugu aldiro, eta maionesa baten moduan landuko dugu pixkana-pixkana olio-saltsa, pil-pilean betiere. Ongi oratu behar dugu saltsa, baina arras loditu gabe. Aurrez konfitaturiko baratxuriak pusken gainean ipini eta mahairako prest edukiko dugu bakailaoa.

Bakailaoa beratzeko era

Bakailaoa prestatzeko gakoetako bat, bakailaoaren beraren kalitateaz gain, ongi beratzea da, ongi gezatzea. Ahal dela, hozkailuan egingo dugu. Bakailaoa ur hotzarekin sartu eltze batean. Ura, gutxienez, bakailaoa halako hiru izan dadila. Ahal bada, bakailao xerrak denak antzekoak izan daitezela. Batzuk beste batzuk baino askoz lodiagoak badira, xerra lodiak gazi geldi litezke, eta meheak geza.
Tamaina ertaineko xerrentzat, 36 ordu dira bakailaoa beratzeko denbora normala. Oso-oso lodiak badira, denbora luzeagoan eduki eta nolako gatz-puntua duen erreparatzen joan. Garrantzi handikoa da, jakina, gezatzeko denboran hiruzpalau aldiz aldatzea ura.
Jende gehienak, bestalde, sukaldean bakailaoarekin hasi baino 6 ordu lehenago ateratzen du hozkailutik xerrak dituen eltzea, epeldu daitezen. Beste aholku bat: komeni da ur barrenean xerrak azala gora begira dutela jartzea, bestela azalak muga egingo du, ez dio gatzari ongi ateratzen uzten eta inguru horretan metatzen da gatz gehiena.