argia.eus
INPRIMATU
Año Mariano
Jose Ignazio Ansorena 2004ko uztailaren 11

Ehun eta berrogeita hamar urte bete dira, ekaineko 13.ean, Jose Maria Iparragirrek Gernikako Arbola Euskal Herrian aurreneko aldiz abestu zuenetik. Urkiolako gain hartan euskal jendeak belauniko jartzen omen ziren beren gogo eta ezinak hain ederki adierazten zituen kanta entzutean.

Urte horietan abestiak ibilbide berezia izan du. Azkuek idatzi zuen, Cancioneroaren sarreran, Asturiasen, Oviedoko Karmeldarren elizan, Gernikako Arbolaren doinuaz, beste hitz hauek abesten zituztela:

Venid y vamos todos
con flores a porfía,
con flores a María,
que madre nuestra es.

Gaur egun gazte gehienek ez dute hitz hauen inongo berririk eta Gernikako Arbolaz askoz gehiago ere ez. Abesten ba al dakite? Ezetz egingo nuke. Memoria txarrekoak agian? Ez ziur aski, gehienek Año mariano zer den jakingo dute: film bat.

* * *

Gernikako Arbola izan zen, 1936-39.eko gerran eta ondorengo urteetan, alde bateko zein besteko euskaltzaleek atseginez egiten zuten ia euskal abesti bakarra. Abertzaleek eta karlista euskaldunek biek onartzen baitzuten. Ez zitzaien bat ere gustukoa, aldiz, bestelako frankista gehienei.

1957.ean, frankismorik gogorrenean, agintariek Juan Telleria, Cara al Sol abestiaren egileari omenaldia egin nahi zioten Zegaman, bere jaioterrian. Eta txistulariei agindu egin zieten ûgure aitona Isidrori berezikiû kontzertu handia antola zezaten, bertan Cara al Sol jo behar zelarik. Ez zen egoera samurra izan. Isidrok, hainbat txistulari zaharrekin hitz egin ondoren, erabakia hartu zuen: Cara al Sol joz ekingo zioten kontzertuari eta Gernikako Arbolaz amaituko. Kosta zitzaien ederki azken honetarako baimena lortzea, baina azkenean eskuratu zuten eta ekitaldi hartan parte hartu zuten guztiek gogoratzen zutenez, aurreko doinuan bildutako amorrazio osoa deuseztatu egin zen amaierako Gernikako Arbolak beraiei eta entzule gehienei ekarri zien poz eta harrotasunarekin. Eta ondorioz, Euskal Herriko Txistularien Elkartea berriro abian jartzeko baimena lortu zuten.

* * *

Gernikako Arbola ere Euskadiko Himno Ofizialtzat proposatua izan zen demokraziaren hasieretan. Ez zuen zorte handirik izan gure abestiak. Baina beste aukerek ere ez. Eusko abendaren ereserkia, egun ofiziala izan arren, ia inork ez du abesten. Noski, musika ederra eta egokia izanagatik, hitzek eta historiak EAJrekin estuegi lotzen baitute. Eusko gudariak ere aipatu zen. Bere laburrean himno militarrik eraginkorrenetakoa, baina ez zen hori asmoa. Eta azken boladan gainera gasa galtzen ari da lastertasun handiz. Garai batean goitik eta indartsu abesten bazen, koherentziaz dagokion eran, gaur egun ahots marrantatu indargez entzuten dugu gehienetan. Agian memoriari astindua eman beharko diogu eta Bizkaiko ezker ibarreko abertzale batek deitzen zuen "el gernikáko"ari hautsak kentzen hasi beharko dugu. Memoria berreskuratzen.

Memoriak garrantzi handia du pertsonen eta taldeen bizitzan. Antropologoek, psikologoekà logo guztiek memoria onak bizitzaren zentzu betearekin duen erlazioa azpimarratzen dute. Ahazteko ahalmenak ere badu garrantzia. Bata ez da ezertarako bestea gabe. Kili-kolo jolas horretan kokapen egokia bilatu behar izaten da ondo bizitzeko, tradizioa eta modernitatearen arteko tirabira korapilatsuan.

Gurean ez gara, hain zuzen, orekaren artistak izan. Batez ere, horretan lagundu behar gintuztenek, iritzi liderrek ûpolitikariak, kazetariak eta enparauak edo enpanatuakû, mesedea egin beharrean kalte egin digutelako askotan.

* * *

Hiru txito nituenean bat galdu. Hori ere abesti zaharra da. Gutxi genituen eta bat galdu. Kazetari zintzo, langile, bizkor eta argia genuen astegun oro bere adimenez eta ahotsaz sokaren gaineko gure ibilaldietan laguntzen saiatzen zena. Erretiratu omen da. Eta samurtuta utzi gaitu asko eta asko Gipuzkoako bazterretan. Mariano Ferrer kazetariari buruz ari naiz. Berarentzat Año Mariano izango da gure hau, lasaitasun mereziari heltzeko aukera. Bere entzule leialentzat, ordea, uste dut Cien años de soledad hasi berriak direla. Ongi izan!