Maider Ansa aranoarra suertatu da Euskal Kantu Txapelketako garaile. Epaimahaiak emandako hiru sari berezietatik bat, adierazkortasunarena, ere eskuratu du.
Koldobika Jauregik Klaustro izeneko bi erakusketa paratu ditu Donostian. Ekain galerian koadro eta piezak jarri ditu eta San Bizente elizaren atarian hiru erliebe eta zurezko eskultura bat.
Andoni Urzelaik Zirkulua eleberria plazaratu du Ereinekin. Psikopata baten pentsamendu eta motibazioak ditu hizpide bigarren nobela honetan. Irakurterraza izateko helburuarekin idatzi du.
Amaia eta Aitor Parrondo anai-arrebak nagusitu dira Seguran jokatutako Euskal Herriko Dantza Askatuko Txapelketan. Txapelketa irabazten duten hirugarren aldia da.
Imanol Larzabal kantaria hil da. Odol isuria eta bihotzekoa izan zituen joan den astean eta ostiral gauean hil zen Orihuelako (Alacant) erietxean. Euskarazko sehaska kanten disko bat grabatzekoa zen irailean.