argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Itun soziala
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Itun Soziala herrialde bateko sindikatuen eta enplegatzaileen organizazioek irits dezaketen hitzarmen bat da, soldaten negoziazio kolektiborako oinarriak ezartzeko, inflazio-prozesua -prezioen igoera- galgatzeko asmoari lotu ohi zaizkion mailen arabera.
Itunak dagokien gobernuaren sostengua izan dezake, eta are indar politikoen ordezkariena ere.

Ituna, ordea, ez da gai horretara mugatzen. Itun sozialetan, eskuarki, bestelako erabaki batzuk ere sartu ohi dira: lanaldia murriztearen gainekoak, lan baldintzen gainekoak... Espainiako Estatuan, estatu osorako hitzarmenak Moncloako Itunak deiturikoekin hasi ziren, 1977an. Ondoren etorri ziren Konfederazio arteko Akordio Markoak (AMIC), Enpleguaren Akordio Nazionala (ANE), eta Akordio Ekonomiko eta Soziala (AES). Itun Soziala, ordea, ez da estatu mailakoa bakarrik, baita erkidego, sektore eta enpresa mailakoa ere. Sektore edo enpresa jakin baten etorkizunaren gaineko edozein negoziaziotan, sindikatuak eta ugazabak hainbat eratako akordioetara iristen dira, soldaten, lanaldien, enplegu-erregulazioen eta abarren gainean, eta, askotan, patronalak bake soziala eskatzen du horiek aurrera eramateko; hau da, sindikatuen konpromisoa hitzarturiko erabakiek agintzen duten denbora-tartean ez dadin gatazka laboralik izan. Hori ere itun sozialen parte izaten da.