argia.eus
INPRIMATU
«Guk kaletik ez daukagu zer eginik, politikariek mugitu behar dute»
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko uztailaren 19a
Inaxio Uria eta Gurutze Manterolak iazko otsailaren 20tik kolpe gogor asko jaso dute, bata bestearen atzetik. Irratiz semea atxilotu zutela entzun, eta haren etxea hankaz gora aurkitu, telebistan ikusi nola eraman zuten burua eta eskuak lotuta, eta Gurutzek gogoratzen duenez «txarrena, bost inkomunikazio egunak. Pentsa, kartzelara sartu zituztenean, zeruan sentitzen zirela esan zigun». Kartzela aldaketak jarri zituen berriro senideen kirioak dantzan eta azken kolpea fidantzarena izan zen. Gurutzek dioenez: «Iñakik berak garbi esaten du, ‘hori ni hemen lotzeko aitzakia da’. Ez du dirurik ordaintzerik nahi, baina zerbait egin beharko da. Jendea esaten ari zaigu dirua biltzeko. Baina kopuru izugarria da, eta gainera eskura ordaindu beharra!».

Albiste onen bat noiz etorriko den esperoan, bihurtu zaie gurasoei bizitza. Gurutzek honela kontatzen du: «Ez duzu lorik egiten. Jaten duzun apurrean ere pentsatzen ari zara «hark gustura jango lizkikek, ba, porrupatata hauek!». Inaxiok ere berdin bizi du: «Gogorra da, beti pentsamendu bera dugu buruan. Oporretarako ere ez dugu umorerik».

Tarteka burua beste zerbaitetara jartzeko gauzak badituzte, zorionez. Gurutzek kontatzen duenez, «Beste euskal presoen senideekin biltzen gara, eta elkar asko laguntzen dugu. Egunero paseo handi bat ematen dugu oinez, lasaitzeko. Eta eskerrak bilobei, haiekin entretenitzen gara».

Semea ikusteko 5 ordu pasako bidaia egiten dute. Berarekin ordu eta erdiz egon, eta «hamar minutu gehiago lagatzen badizkigute, gustura», kontatzen du Inaxiok. Gurutzek hartu die kartzeleroei tamaina: «Diferentzia handia dago batetik bestera, baina ez dago inorekin fidatzerik, gaur hamar minutu gehixeago utzi dizkizunak hurrena ez dizu uzten karamelurik ere ematen eta». Hurrengo bisita San Pelaio egunean dute, eta bakarrik joateko asmoa dute, seme-alabei hain bide luzea biek bakarrik egitea ez gustatu arren.

Herrian alderdi guztietako firma bilketak egin dituzte, eta hara eta hona ibili dira. Gurutzeren hitzetan: «Guk kaletik ez daukagu ezer egiterik, hori beraiek egin behar dutela esaten diet politikariei, zerbaitetarako joaten dira gure botoak Jaurlaritzara. Hasieran badirudi beldurrez-edo zegoela gauzak mugitzen hasteko. Dagoeneko hilabete asko pasatu dira, eta orain egiten dute ahal dutena, baina Madrilen ez diete kasurik egiten. Haientzat Euskal Herri osoa terrorista da, hasi lehendakaritik eta beste guztiak arte».

Itxaropenik galdu gabe, baina ez dute ilusio faltsurik egin nahi, «bera ere jada uda barruan pasatzeko pentsatuta jarri da-eta». Gurutzek aitortzen duenez, «niri aterako den egunak beldurra ematen dit. Hainbeste emoziorekin, orduan askatuko naiz ni ere». Inaxiok gehitzen duenez, «askatu arren, berriro epaiketa izango da, noiz edo noiz. Ikusi dugu batere kulparik gabe eraman dutela eta 16 hilabete daramatzala barruan, eta gero ere zer gertatuko den kezka daukagu».