argia.eus
INPRIMATU
Bikotitisa
Imanol Alvarez 2021eko uztailaren 16a
Azken hamarkadan, medioek homosexualitatearen gaia jorratu nahi izan dutenean, beti, ia salbuespenik gabe, egin behar ote zen zorioneko bikote-legea izan dute hizpide. Autonomikoa zein estatu mailakoa, baina bikote-legea. Azken hilabeteotan, aldiz, Gasteiz eta Iruñean egin berri diren bikote-legeei eta Madrilen egin behar omen dutenari adopzioaren afera gehitu diete. Badirudi gay eta lesbianontzat, nolabait esatearren, bikotean bizitzea eta umeak adoptatzea direla kezka bakarrak.

Ez diet nik garrantzirik kenduko kontu hauei, ez. Argi dago transzendentzia handikoa dela parlamentu batek sexu berekoekin elkarbizitzeko eskubidea aitortzea. Lege aldetiko ondorio praktikoengatik ez ezik, gizartean izan dezakeen eragin errebultsiboagatik ere, edo agian, batez ere, azken honegatik, da inportantea holako legeak onartuak izatea.
Berdin esan nezake umeek daukaten maitatuak eta ondo heziak/haziak izateko eskubideaz, zeren horretarako argi baitago hezitzaileen gaitasuna dela aintzakotzat hartu behar dena, ez beren sexu biologikoa edo nahiagotasun sexuala. Halaber, nahiko errealitate zabaldua da, gehienbat emakumeen artean, aurreko erlazio heterosexualetatik datozen edo intseminazio artifizialez jaiotako umeak dituzten sexu berekoen bikoteena. Kasu hauetan gurasoetako bat bakarrik da ofizialki aita edo ama, eta honi zerbait gertatuz gero umeak guztiz indefentsioan geratzen dira. Legez soluzionatu beharreko bidegabekeria galanta.
Alabaina, gai hauei buruz berba egitean beste arazo batzuk -horiek bezain garrantzitsuak edo, beharbada, are garrantzitsuagoak direnak- ahazten direla pentsatzen dut. Apropos ahazten direla esatera ere ausartuko nintzateke, gainera.

Alde batetik, lege arloko aldaketa hauekin asko aurreratu duguneko irudia ematen delako, ia irudi idilikoa, errealitatea askoz gordinagoa denean. Aurrerapauso handiak eman ditugu, duda barik, baina oraindik sexu berekoenganako maitasuna edota grina sentitzen duten gehienek ezkutatzen segitzen dute eta ez dut uste apetagatik egiten dutenik, baizik eta beldurra diotelako ingurukoen erreakzioari. Honi erreparatu besterik ez da egin behar, gizartearen pentsamoldea aldatzea legeak aldatzea bezain inportantea dela eta arlo honetan oraindino asko egiteko dagoela konturatzeko. Gutxitarako balio dio bati legeak alde edukitzeak, gero egunerokoan ezin bada normaltasunez eta duintasunez aritu.

Beste aldetik, esandakoaz gain, bikoteari erabateko protagonismoa emanik oso gustuko ez ditudan beste bi ondoriotara hel gintezke. Alegia, gay edo lesbiana batek izan lezakeen gizabanako bezalako arazo guztiak, legez behintzat, soluzionaturik daudela eta bikotean bizitzea dela gay mugimenduak defendatzen eta bultzatzen duen harreman eredua.

Ustez, hel gintezkeen ondorio horiek biak okerrak dira, nabaria denez. Lehena, gorago aipatu dudan ageriko beldurraz gain, lege aldetik ere alorren bat oraindik konpondu barik dagoelako -homosexualitateagatik jazarriak direnei errefuxiatu estatusa ez ematea, kasu- eta bigarrena gay mugimenduaren parte handi batek harreman afektibo-sexual libreak errebindikatzen dituelako, eredu zehatzik proposatu gabe. Ez bikote, ez hirukote, ez ezelakorik... ez da defendatu behar; hori norberaren asuntoa da-eta. Batzuen iritziz, adibidez, onena bakarrik bizitzea da aldian aldiko harremanekin, eta honi ere guztiz errespetagarri deritzot, nahiz eta, dirudienez, gehienok, mimetismoz agian, bikotera jotzen dugun gehiegi hausnartu gabe.

Borroka antidiskriminatorioarekin kontsekuente izanik, bikote-legerik ez, baizik eta sexu bereko bi lagunek ezkontzeko eskubidea errebindikatzen dugu, baina honek ez ditu beste errealitate guztiak itzalean utzi behar. Askotan esan dudanez, agian behin eskubidea lortuta, ezkontzaren kontrako eta askatasun sexualaren aldeko kanpaina egin beharko dugu berriro ere, bestela bikotitisak jota gaudela emango luke-eta.