argia.eus
INPRIMATU
Zer da... Zergak
Daniel Udalaitz 2004ko ekainaren 13a

Sistema fiskalean, zergapekoari egokitzen zaizkion tributuak eta kargak dira, horrela gastu publikoei erantzuteko. Zuzenekoak edo zeharkakoak izaten dira. Zuzeneko zergak aurretik zerrenda normatiboetan izendatuak izan direnek ordaintzen dituzte, ondasunezko edo errentazko eskuarteak dituztelako eta prezioetan bertan jasanarazteko egokierarik ez delako. Horrelakoak dira ondarekoak, errentakoak, oinordetzakoak, eta abar. Zeharkako zergak, berriz, zergapekoa identifikatu beharrik gabe ordaintzen dira, produktu bat erostean edo zerbitzu bat ordaintzean, besterik gabe »Balio Erantsiaren Zerga edo BEZa, aduanako eskubideak...» eta gero kontsumitzaileei jasanarazten zaizkie. Hartara, merkatariek eta fabrikatzaileek, de facto, estatuaren konturako zerga-kobratzaile moduan jarduten dute. Era askotako zergak daude: sozietateen gaineko zerga, enpresen mozkinak kargatzen dituena; oinordetzen eta donazioen gaineko zerga, heriotzagatiko edo jaraunspenezko oinordetzagatiko donazioak eta inter vivos donazioak kargatzen dituena; ondarearen gaineko zerga, pertsona fisiko baten ondasunen multzoa kargatzen duena »landa-lurreko eta hiri-lurreko finkak, balore mobiliarioak, eta abar». Ezagunena eta nozituena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga da, PFEZ, langile guztiei nominatik kentzen dietelako. Beraz, soldatapeko nominadunen errentak zergapetzen ditu.