Meteko berriak

Europako parlamenturako hauteskundeak nahiko bereziak izango dira. Alde batetik, 25 herrialdera hedaturiko batasunaren estreinakoak izango dira; bestetik, handik bost egunera burutuko den Europako gailurrean, baliteke jauntxoek eta adituek soil-soilik osaturiko konbentzioak idatziriko konstituzio dekretua »batzuek oso modu engainagarrian benetako konstituziotzat aurkezten dutena» onartzea. Eta hori gutxi balitz, gurean, Espainiako Estatuan indarrean dagoen Alderdien Legearen eraginez HZk ezin izango du bere kandidatura aurkeztu. Beraz, badugu zer aztertu.

Europako Batasunak (EB) »egitasmo inperialista denez» lehenengo zutarriak jartzen hasi zenetik Hirugarren Munduarekiko hesiak altxatzeari ekin zion bere pribilegioak legez zein poliziaz gotortuz, Schengeneko akordioa horren isla izanik: inperialista eta kapitalista. Kanpora begirako hesiak, eta lubaki geroz eta sakonagoak barrurantz, bai Europako herrialde aberatsen eta pobreen artean zein herrialde bakoitzean. Milioiak baitira "gurean" pobrezia eta miseria gorrian bizi direnak eta urtero kopurua hazten doa. Hori dena gordindu egingo da 25 herrialdeko Europan. Izan ere, kapitalen zirkulazio libreak ahalmen handia ematen baitie multinazionalei soldatak merkatzeko, zergak jaisteko, baliabideak pribatizatzeko... batez ere, ezkerra, sindikatuak eta mugimendua sozialak ahulak diren tokietan. Ekialdeko herrialde gehienetan baldintza horiek betetzen dira. Eta horrela, bi abiada ez ezik, bi gizarte mota desberdin sortuko dira Europa berean.

Konstituzio guztiak egoeraren seme-alabak dira. Horregatik dira, zenbat ikuspuntutik hartuta, hain aurrerakoiak eta erradikalak AEBetako eta Frantziako konstituzioak, eta hain txepela Espainakoa. Neoliberalismo gordinaren garaiaren isla garbia da Europakoa, horretara ere ez da heltzen eta. Hasteko, Mundu Gerraren ajeaz, hondamendia ekiditeko asmoz jaiotako EBk, berriro, izugarrizko bultzada ematen dio militarismoari eta gerra prestakuntzari. Ez du aintzakotzat hartzen egun bere buruaren jabe diren zenbait estatuk independentziara heltzeko erabili zuten autodeterminazio eskubidea ere, eta oso tamalgarria da estatu gabeko herrien hizkuntzarekiko joera. Bere legedi soziala estatuek dituztenaren azpitik dagoela »Alain Lamassoure-ren "ez dugu lege sozialik behar, ekonomikoki ondo funtzionatzea baizik" hitzak oso esanguratsuak dira». Alabaina, oso ondo lotzen ditu »batez ere hirugarren atalean» jabego pribatuaren eta oro har merkatu librearen legediak. Estatu aurreratuen lege sozialek ez dute balio honezkero, aldiz, kapitalaren aldekoek eragin zuzena izango dute EB osoan. Hitz batez, konstituzio honen ondorengo neoliberalismoa ez da izango besteren artean opzio bat, oinarrizko printzipio bat baizik. Sozialismo errealeko estatuetan egiten zenaren alderantziz. Horregatik, ez dute nahi konstituzio hori herritarren artean eztabaidatua izan dadin.

Zer egin? Batzuek diote konstituzioari buruzko "bai" ala "ez" sinplistegia dela, benetako arazoa Europaren jatorria edo izaera omen delako. Nire ustez, konstituzio dekretua Europaren izaerari egokituta dago, oinetakoa oinari bezala. Arrazoia du Le Monde Diplomatique-eko zuzendari Bernard Cassen-ek hauxe dioenean: "Bere garrantzia du konstituzio horrekiko jarrera argi eta garbi adierazteak". Eta modurik egokiena, hauteskunde kanpainan ezezko borobila azaltzea da. Alderdi berdeen, ezkerreko zenbaiten eta baita abertzale zenbaiten jarrera anbiguoak ez du laguntzen »nire ustez» Europaren izaera neoliberala eta antidemokratikoa den bezala azaltzen.

Dena den, arazoak bere osotasunean agertzea bezain garrantzitsua da bere alde lazgarrienak fokalizatzea. Zutik-en, jira eta buelta asko eman diogu horri, eta iruditu zaigu badela arazo larri bat, zeina partidu gehienek aipatu bai baina »arazo desberdinengatik» oso kontu gutxi egiten diotena: Europan bizi eta lan egiten duten 15 milioi etorkin horiena, hain zuzen ere. Espainiako Estatuan gainera, Atzerri Legearen bitartez milioi bat pertsona egoera ezin larriagoan bizi dira.

Etorkinak gure metekoak. Europaren eraikuntzaren zutabe bat dira demografikoki, kulturalki eta ekonomikoki, eta hala ere, onenean hirugarren »edo laugarren ez esategatik» mailako bezala kontsideratuta daude. Onenean diot, nolabait legeztatuak daudenean, zeren "paperik gabe" daudenak ez baitira existitzen legalki. Greziako demokrazian hiritarrek soil-soilik zituzten eskubideak, "metekoek", berriz, ez zuten eskubiderik. Ia bi mila eta bostehun urte geroago etorkinak ditugu meteko berriak. Hori eskubideen aldetik oso larria izateaz gain, arazo estrategiko bat da, egoera horretatik, kapitalismoak eta eskuineko alderdiek etekin materialak ez ezik politikoak ere ateratzen dituztelako.

Zutikekoek hauteskunde hauetan arreta berezia jarriko diogu arazo horri. Askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna, hitz ederrak bezain hutsalak bihurtzen dira, alde batetik, hiritartasuna eskubide sozialekin ez bada uztartzen, eta bestetik, gurean bizi diren guztiek hiritartasuna lortzeko eskubidea ukatua baldin badute. Larria da HZrekin gertatzen dena, are larriagoa "gure" "meteko"ekin gertatzen dena.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude