argia.eus
INPRIMATU
Kazetarien fikzioa
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2007ko otsailaren 21a
Alderdiek elkarrekin hitz egiten dutela eta, komunikabideek albistetzat jo dute. Betidanik eta etengabe gertatu izan den zerbait:, alderdien arteko komunikazioa alegia. Egunkariren batek lehen orrialdean eman du Urkullu, Egibar, Otegi eta Permach-en arteko jarduna. Lauretakoren bat Euskal Herritik kanpora biziko balitz edo... euretariko norbait klandestino samarra balitz... tira! Baina ez al dira bada laurak legebiltzar bereko parlamentariak? Zein da albistea?

Beste egunkariren batek deskubritu bide du Alderdi Sozialistaren ordezkariak Batasunako izandakoekin harremanetan ari direla. Jakina. Beti izan da horrela. Batasuna eta sozialistak elkarrekin biltzen ari zirela erail zuen ETAk Fernando Buesa. Ez gero ahaztu.

Sarri asko kazetariok hitz egiten dugu oraindik ere XX. mendean biziko bagina bezala. Globalizazioa, digitalizazioa eta teknologia berriak hitzetik hortzera aipatzen ditugu baina gero, praktikan, uste dugu politikariak telebista-kamera eta argazki-makinen aurrean baino ez direla biltzen. Alegia, XXI. mendean, edozein pitxitxik eskukoren bat duen garai honetan, politikariek, elkarrekin hitz egiteko, kazetarien lekukotza behar izango balute bezala.