argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Katixa Garate 2004ko ekainaren 13a

Asier Altuna eta Telmo Esnal abuztuan hasiko dira euren lehen film luzea errodatzen: Aupa Etxebeste. Komedia beltza izango da eta Ramon Agirrek, Elena Iruretak, Pako Sagarzazuk eta Iban Garatek jokatuko dituzte rol nagusiak.

Jon Maya dantzari errenteriarra nagusitu da aurtengo Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketan. Sei aldiz irabazi du txapelketa hori Mayak.

Gaitzerdi Teatro konpainiak eskuratu du Leioako Kale Artisten Jaialdiko Umore Azoka 2004 saria, Urbe (intervenciones urbanas) antzerki lanarekin.

Jon Sudupe gailendu da Bilboko Udaleko Kultura eta Turismo Sailak antolatutako Miguel Unamuno V. Saiakera Sariaren euskarazko atalean. Kant eta uso arina saiakerarekin omenaldi txiki bat egin nahi izan dio Kanti.

Maria Eugenia Silguerok (Irun, 1988) biolontxelo jotzaileak Parisko Rostropovitx sari ospetsua jaso du. Hiru urterekin hasi zen Silguero solfeoa ikasten eta hamahirurekin musikako goi ikasketak burutu zituen.

Jon Gerediagak Fitola balba, karpuki tui plazaratu du Pamiela argitaletxearekin. Lehen poesia liburua du Antzerkiola Imaginarioko kideak. Liburuaren errezitaldi dramatizatua aurkezten ari da Antzerkiola Imaginarioa.

Julen Lekuona zenaren omenez egindako diskoa da Hirusta diskoetxeak kaleratu duen Itsasoan urak handi dire. Besteak beste, Xabier Letek, Imanolek, Jabier Muguruzak, Oihana Lekuonak eta Aritz Lekuonak abestu dituzte Lekuonaren kantuak.