argia.eus
INPRIMATU
Hondakin-uren mehatxua
2004ko ekainaren 13a
Bainu sasoia polemika eta guzti hasi da Bizkaian. Uren Partzuergoko hainbat langilek salatu duenez, egunero 150 milioi litro hondakin-ur isurtzen dira itsasora. Araztu gabekoa izaki, ur horrek kalte larriak eragin diezazkieke hondartzetan bainu hartzen dutenei, beti ere aipatu langileen arabera. Hain zuzen, Muskizko La Arena hondartzaren zati bat eta Getxoko hondartzak dira ur zikinaren eragina gehien jasango luketenak, hau da, Bilbotik hurbilen daudenak. Milaka eta milaka laguni eragingo lieke isurketak.
Salaketa dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila uraren egoera aztertzen ari da. Bizkaiko Foru Aldunditik, berriz, mezu lasaigarriak datoz. Ingurumen Diputatu Iosu Madariagaren ustez, ezin daiteke egoera larritzat jo. Beste horrenbeste esan du Maria Uribe Ingurugiro Zuzendariak: "Osasun Sailak ez digu aditzera eman egoera larrian gaudenik". Hala ere, Partzuergoko langileek esandakoa egia izan daitekeela aitortu dute biek. "Horrela izatekotan, Osasun Sailak bainu hartzaileen osasuna babesteko neurriak hartuko ditu", gehitu du Uribek.