argia.eus
INPRIMATU
Gladys
Joxemari Ostolaza 2004ko ekainaren 13a
Orain dela hogeita bost urte Guardia Zibilek Tuteran eraila. Jakina da. Igandearekin zen. Nik, egun berean hogeita hamaika betetzen nituen. ARGIA honek Donostiako Egia auzoan zuen bere egoitza, Gladys beraren bizilekutik hurbil. Biharamunean, arratsaldeko ordu bitan edo, auzoko lagun batzuen etxean ginen. Joxemi eta biok besteren artean. Aste horretako alean, Joxemik egin artikulu hunkigarria kantu bilakatu genuen, Ebihotz gure lehen diskoan argitaratua. "Hik maite hitunen landare eta loreak hazi daitezela, eta beren hosto tartean estutu hiltzaileen birika madarikatuak akatu arte", izan zen eginiko lehen entresaka, Jakes pianistak atondutakoa. "Hire eguzkia malkotan ikusi dinat, negar malkoek ezin bailituzkete itoko hire heriotza lortu dutenen eztarriak" harekin eman genion errematea. Indar osoz botatzen genuen, zertaz ari ginenak ematen zigun kemenaz. Kantu ederra, entzuten dudan gutxitan Fernandoren ahots azkarrak etsimenduz barnea mugitzen didana oraindik orain. Diskoko guztiak bezalaxe, ez du titulurik, data dute izen. Haatik, hiltzaileen eztarriak orroka bizi ditugu egun ere, noiz itoko ditugun datarik ezak kantuak egitera behartzen gaituztela oraindik ere. Ez dugu horretarako indar eskasiarik, non eta norentzat kantatu garbi ikusten ez badugu ere.