argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2007ko otsailaren 21a


Surfa pantaila handian

Donibane lohizunen egingo da lehenengo Nazioarteko Surf Zinemaldia. Surf zinemaren kalitate artistikoa frogatze aldera, surfaren inguruan sortutako pelikula garaikideen eskaintza zabala ikusi ahal izango da. Jai-Alai pilotalekuak beste kirol bat hartuko du ekainaren 16a eta 19a bitartean, pantaila bidez bada ere. 70eko hamarkadako surf filma klasikoek irekiko dute jaialdia eta ondoren film lehiakideak eskainiko dituzte: Framelines, Somewhere anywhere everywhere, Catalyst eta Drive Thrue Australia izango dira, besteak beste. Internet eta surfaren arteko lotura estutzea xede izanik, ikusleek gustukoen duten pelikulari botoa emateko aukera izango dute, www.festivaldufilmdesurf.com helbidean.


Blues doinuak Algortako Portuan

Mississippin sortutako bluesak adar asko ditu eta horiek zertan diren ezagutzeko parada eskainiko digu asteburuan egingo den Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiak. Delta bluesetik, Country bluesetik, blues-souletik, Texaseko bluesetik nahiz 60ko eta 70eko hegoaldeko rocketik edaten duten nazioarteko musikariak izango dira oholtza gainean. Ekainaren 11tik 13ra, Bobby Rush, Deborah Coleman, Erid Sardinas eta Victor Aneriros arituko dira Algortako Portu Zaharrean.


Sarasate orkestra sasoi onenean

Baluartera aldatzeak eta musikari zein kudeaketa lanen profesionalizazioak on egin dio Sarasate orkestrari. Arduradunek taldea unerik onenean dagoela diote: batetik, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmenaren arabera etorkizuna ziurtatua dute, urtean 3,15 milioi euro jasoko baititu erakunde nafarraren eskutik. Bestetik, denboraldi berrirako 2.600 abonatu dituzte, inoiz izan duten kopururik handiena. Abonatu kopuruari erantzuteko datorren denboraldirako hamalau kontzertu prestatu dituzte. Lehenengo saioa urriaren 12an izango da; Mozarten eta Martin Solerren lanak eskainiko ditu orkestrak eta Maria Bayok kantatuko du.


Txotxongiloaren Guinness errekorrarren bila

Txotxongilo Eguna egingo dute Getxon ekainaren 19an. Txotxongiloekin dabiltzan artisten eta zaleen festa egingo dute Areetako Geltoki plazan. Hegoaldeko zazpi talderen emankizunak, txotxongiloak egiteko 7 tailer eta buruhandi eta erraldoien kalejira bat atondu dituzte okasiorako. Aurtengo Txotxongilo Egunak berrikuntza bat du ordea: txotxongilo emanaldi batean zale gehien biltzen duen ekitaldia izatea erdietsi nahi dute, Errekorren Guinness Liburuan jasota gera dadin. Egungo errekorra Britainia Handiak du; 402 titiritero eta 463 txotxongilo bildu zituen. Errekorra lortzeko ekitaldia arratsaldeko zazpietan hasiko da eta jendeari txotxongilo batekin hurbiltzeko gonbita egin diote. Bakoitzak etxetik ekar dezake edo propio jarriko diren tailerretan egin. Antolatzaileek (UNIMAK eta Getxoko kultur etxeak) 500 lagun bildu nahi dituzte. Txotxongiloaren xarma hedatzeko balioko du, ez da dudarik. Txotxongiloen ikuskizunak aretoetan sarriago eskain daitezen balioko balu, askoz hobe oraindik.


Fournier Karta Museoak bilduma handitu dezake

20.000 karta sorta inguru ditu Gasteizko Fournier Karta Museoak. Munduko karta bilduma handienetakoa biltzen duen erakundea da. Cincinnatyko Karta Museoak 1.900 karta sorta eta 1.000 aleko liburutegi bat saltzeko eskaintza egin zion aurreko legegintzaldian Arabako Foru Aldundiari eta oraindik ez dio Diputazioak erantzunik eman. Museoko zuzendari Josetxo Egiak eskaintza oso interesgarria dela adierazi du. Aldundiko Kultura diputatu Federico Berastegik eskaintza osoa erosteko dirurik ez dagoela eta karta sorta batzuk Gasteizkoaren berdinak direla esan du. Egiak dioenez, antzeko kartak egon daitezke, baina ez berdinak, eskuz egindakoak baitira. Diputazioak gaia aztertzeko bilera zuen maiatzaren 19an, baina atzeratu egin zuen eta oraindik ez da egunik zehaztu.

-----------------------------------------

Museoen kudeaketa aztertzeko bilduko dira munduko 150 arte aditutik gora (komisario independenteak, museoetako profesionalak) Artiumen, ekainaren 11tik 13ra. Erakusketak batetik bestera errazago mugitzeko eta ideiak trukatzeko asmoa du aurten jardunaldiok Gasteizen egingo dituen Nazioarteko Arte Garaikideko Adituen Elkarteak.