Informazioaren gizartean bizi gara. Informazioa ezinbestekoa da bizitzaren edozein alorretan. Eta zer esanik ez gurea bezalako gizarte batean. Osasunaren mundua ere ez da joera orokor horretatik aparte bizi. Jendeak jakin nahi du, izugarrizko informazio-egarria du, galderak etengabe egiten dizkio, bai bere buruari eta baita, noski, medikuari ere: zergatik gertatzen da gaitz hau? Zer egin dezaket sintoma honen kontra? Nola jakin dezaket min honen jatorria? Zer-nolako tratamendua aginduko didazu? Eta horrela galderak, bata bestearen atzetik. Eta mediku askorentzat egoera deseroso samarra bihurtu da. Izan ere, medikuak esandakoa nekez jarriko zen zalantzan garai batean, medikuak esandakoa onartu beharra zegoen, medikuak dena zekien »eta esan dezagun, bidenabar, pazienteak ezer ez zekiela». Baina gauzak aldatu egin dira, zorionez. Batetik, jendeak gaur egun garai batean baino gehiago daki, lehen baino informazio gehiago darabil, eta, bestetik, ez da medikuak emandako edozein azalpenekin konformatzen. Esandakoa baino gehiago nahi du, kasu bakoitzean pazientearen ezagutza-mailaren arabera, emandako azalpenen ondotik beti geratzen baita zerbait guztiz argi ez dagoena. Edo pazienteak lehendik dakienetik abiatuta, hainbat zalantza eduki ditzake, eta bere duda-muda horiek medikuari planteatzen dizkionean, sarritan ez da erraza izaten korapilo guztiak askatzea, asistentzia sanitarioa antolatua dagoen moduan osasun-sistemak berak zailtasun handiak jartzen dizkiolako medikuaren eta pazientearen arteko patxadazko harremanari. Egoera nola dagoen ikusita sortu dira "10 minutuen plataforma" izenekoa bezalako ekimenak, hain garrantzitsua den medikua/gaixoa harreman hori modurik erosoenean eta baliagarrienean egin dadin saiatzen dena: garai bateko harreman paternalistaren ordez »mediku orojakilea mahaiaren alde batean, eta haren ahotik entzundako jerga teknizismoz betea aditzean ezer gutxi ulertzen duen gaixo "beldurtua" bestean», elkar konfiantzan eta informazio-trukean oinarritutako harremana lortu nahiko lukeena.
Zalantzarik ez dago asko aurreratu dela bide horretan, baina bada oraindik zer hobetua: izanik informazioa hain ugaria eta lortzen hain erraza, gaixoak edonon topa ditzake bere egarria asetzeko moduko argibideak. Gero eta gehiago dira informazio txukuna, maila askotara moldatua eskaintzen duten komunikabideak eta web gune berezituak. Euskaraz ere badira txukun askoak, irakurle saiatuaren kezka ugari konponduko dizkiotenak. Baina, jakina, informazio-sistema berri horiek guztiak baino askoz ere zuzenagoa eta egokiagoa da betiere konfiantzazko medikuak emango dizun azalpena.
Bada beste puntu bat ere, askotan gure artean eztabaida piztu duena. Egia da gaur egun jendeak informazio gehiago duela, eta aitortu beharra dago, bestalde, profesionalak oro har saiatzen direla jendearen zalantzak argitzen. Baina informazio hori ongi erabiltzen al da? Jendea gai ote da han eta hemen eskuratzen duen informazio hori ulertu eta probetxuz baliatzeko? Internet-etik lortutako informazio-uholdeak, modu egokian jaso eta dekodifikatu ezean, ez ote dio hiritar arruntari mesede baino kalte gehiago egingo? Hemen ere medikuaren laguntza oso baliagarria izango da, informazio horretan alferrikako lastoa kendu eta benetan baliagarriak diren argibideak pazienteari azaltzeko, elkarren artean sortutako konfiantzazko giroaren baitan.
Zer gertatzen da, ordea, zure konfiantzazko mediku horrek emandako diagnostikoarekin, edo proposatutako tratamenduarekin ados ez zaudenean? Ezinbestean onartu beharrekoak al dira? Ez al dago beste aukerarik? Horrelako zalantzak sortzen direnean bigarren iritzi bat eska daiteke. Gaur egun bigarren iritzia eskatzea oso jende gutxik aukeratzen duen bidea da, bere betiko medikua mindu egingo ote den beldurrez. Hala ere, mediku gehienek ez dute inolako arazorik izaten beren gaixoek aukera hori planteatzen dietenean. Bigarren iritzi bat eskatzea sekula ez da ideia txarra, sarritan bigarren iritzia edukitzeak laguntza handia ematen baitio pazienteari hartu beharreko erabakia lasaiago eta erosoago har dezan. Bestetik, bigarren iritziak aurreneko aukera egokia den ala ez egiaztatuko digu, eta proposatutako diagnostikoaren edo tratamenduaren alde onak eta txarrak agerian utziko ditu, alferrikako prozedurak eta teknikak baztertuz. Osasunaren informazio-oihan sarri eta tapitu horretan gaixoarentzat argiune ahalik eta gehien lortzeko asmotan betiere.