argia.eus
INPRIMATU
Geltokiz geltoki
2004ko ekainaren 6a

Iruñeko Takonera parkean ospatuko du Sortzen-Ikasbatuazek bere festa. Urtero eskola desberdin batek prestatzen du eta aurten Atarrabiako Atargi eskola arduratuko da jaiaz. Antolakuntzako kide Edurne Salinasen hitzetan, beste behin ere, «Euskal Eskola Publikoa hor dagoela aldarrikatuko dugu, Nafarroako jende kopuru handi batek aukera horren alde egin dugula jakinarazteko eta Administrazioari eskola publikoarenganako arreta handiagoa eskatzeko». Euskarari bidea eginez izango da edizio honetako leloa eta logotipoa, berriz, tren bat, euskarari bidea egiteko oraindik asko dagoelako: «Geltokiz geltoki, euskara ikasiz eta euskaraz mintzatuz, Eskola Publikoaren barruan aurrera egiten ari gara». Iaz 15.000 lagun inguru gerturatu ziren eta aurten kopuru hori errepikatzea espero dute. Jendea erakartzeko, dantza, bertsolaritza, herri kirolak, musika eta beste hamaika ekitaldi antolatu dute.