Ihes handia


2004ko maiatzaren 23an
Preso guztiek askatasuna amesten dute. Eta San Cristobalgoak zeuden egoeran egonda, askoz gehiago. Gerraren gorabeherez gauza gutxi zekiten. Radio Petate deitzen ziotenak zurrumurru xelebre bezain sinesgaitzak ziegetatik hedatzen zituen bitartean, eguneroko errealitate ankerrak gerra presoak zirela gogorazten zien behin eta berriro. Zituzten zigor luze eta latzak oso kontuan hartuta, oinak aurretik, lau oholez egindako hilkutxetan atera nahi ez bazuten, bide bakarra gelditzen zitzaien bizirik ateratzeko: askatasuna beraiek irabaztea, ihesaren bitartez alde egin eta mugaz bestaldera joz. Zaila zirudien arren, saiatu ziren. Lortu zuten presoen erdiak gutxienez ate nagusitik ateratzea; baina oso gutxik, hiruren batek, erdietsi zuen Pirinioz haruntza zegoen askatasuna.

Aro eta egoera guztietako presoek burutu duten historiako ihesik handienetako bat aurrera eraman zuten Ezkabako tontor eta maldetan barrena, 795 presok 1938ko maiatzaren 22an. Ordurako arras jabetuta zeuden kartzelako zaintzaileen eta soldaduen ohiturez. Ongi zekiten zuzendariaren ohiko hutsuneari, egun horretan, igandea zelako, soldadu askorena eta baita buru zuten alferizena ere gehitzen zitzaiela. Hori eta beste asko arratsalde pasa egitera jaisten zirela Iruñera konfiantza osoz. Dena den, bazuten zailtasunik: Nola atera galerietatik eta, hori egin ondoren, nola zulatu bigarren bigilantziaren eraztuna »soldaduena», inolako armarik gabe, eta kanpoko laguntzarik gabe?

Jarraian datorrena, antzik baduen arren, ez da film bateko gidoia, iheslarien aurkako epaiketan erabili, eta orduko lekukoek ontzat eman duten ihesaren kontakizuna baizik:

Arratsaldeko zortziak jo orduko afaria banatzen hasi zirenean, presoek barruko zaintzaile zen Jesus Galar Aguirre heldu zuten. Pistola eta jantziak jarri zituen Leopoldo Picok, ihesaren buruzagia izanen zenak. Desarmatu eta bahitu zuten bigarrena, zerbitzio burua, "Mitxelin" deitzen zutena izan zen. Gauza bera egin zuten gainontzeko zaintzaileekin. Afaria ematera hurbiltzen zirelarik, gune desberdinetan atxilotu eta gorde zituzten Emiliano del Cid, Fernando Lekunberri edo Antonio Sacristan zaintzaileak.

Geroxeago Leopoldo Pico bera, zaintzailez mozorrotuta, goiko aldean zegoen Guardia-Gorputzera hurbildu zen, soldaduei galerietara jaisteko deituz. Horiek zaintzaile bat zelakoan atea ireki zuten eta barneratzen hasi ziren. Picoren atzean zeuden presoek desarmatu zituzten eta lehen bahiturikoekin itxita laga zituzten ziega batetan. Eskuratutako armekin eta hartutako giltzekin kanpoko patioan zeuden soldaduengana hurbildu ziren, kartzela eta patioa bera lotzen zuen tunela zeharkatuz. Arrapaladan sartu ziren eta tirorik egin gabe, afaltzen ari ziren soldadu guztien jabe egin ziren. Bat, Alejandro Abadia oldartzen saiatu zen, baina pikotx kolpe batek lurreratu zuen odol artean betirako.

Matxinatuen biktima bakarra

Hori izanen zen iheslarien biktima bakarra, geroxeago beraien aurkako epaiketan ederki ordainduko zutena. Garitetan zeuden soldaduekin tiroketa pare bat suertatu ondoren guztiak ere menpean hartu zituzten San Cristobalgo matxinatuek. Soldadu batek bakarrik alde egin zuen, kanpoko lubakia gaindituz, eta zuzen zuzenean Antzoaingo koartelera jo zuen ihesaren berri emateko. Erabakiorra suertatu zen hori, zeren orduz geroztik, goardia zibilek eta militarrek, Iruñea aldekoek zein Gasteiztik etorritakoek, hilabete luze bat iraungo zuen iheslarien aurkako giza ehiza ikaragarria hasi zuten.

Itxaropenik ez

Gaztelu erraldoi horretaz jabetuta, ihesa prestatu zutenak barrura itzuli ziren, ordurako tiroak eta azken iskanbilak entzun zituzten gainontzeko presoei ihesean parte hartzeko bultzatuz. Zalantzak eta eztabaidak azkar sutu ziren. Batzuek gerra amaituta zelakoan, gauzak atondu zituzten Iruñeko tren geltokira jaisteko asmoz. Beste batzuek, ihesaren errealitateaz jabeturik, mugaraino iristeko zeuden posibilitate apurrez oso fidakaitz, nahiago izan zuten presondegira itzuli eta zain gelditu. Izan ere, kanpo aldean ez zegoen ez laguntzarik, ez inolako garraiorik, ezta inolako gida edo mugalariren arrastorik ere. Gainera, gertu zeuden ortzemugako Pirinioetara iristeko Nafarroako erretagoardia zeharkatu beharra zegoen.

Burutazio guzti horiek izan zituzten hizpide iheslariek eta kartzelan ihesari bizkarra emanez gelditu zirenek. Horren lekuko dugu Leopoldo Picok Salbador Zapirain "Ataño"rekin izan zuen elkarrizketa. Azken honek galdetu zionean ea itxaropenik zuten ihesa burutzeko, ezkertiar bilbotarrak horrela erantzun zion: "Ez, zoritxarrez. Konpainia osoa bertan harrapatu nahi genin. Bertan lotuta edo ondo itxita utzi. Bihar goizeko zortzirak arte, etziteken hauek ihesaren berririk jakingo. Bitarte horretan, asko igaroko giñen fronteraino. (...) Baina konpainiako kornetak ihes egin ziguk, lubakiaren gañetik jauzi eginda. Honuzkero, hemengo berri bazekitek".

Hala ere, martxan jarritako ekimena aurrera eraman behar zuten. Presoen erdiak parte hartu zuen ihesean, hurrengo egunean egindako gatibuen kontaketak nabarmendu zuenez. Zeuden 1.796 presoetatik 795 alde eginak zeuden. Horietatik 565 harrapatu zituzten hurrengo egunetan, aunitz larri zaurituta. Espainiako "Ley de fugas" ospetsuaren erabilpen azkar bezain zakarra burutu zuten hurrengo egunetan Maldaerrekatik Pirinioetako haranetaraino, bereziki Olagueko eta Ezkabarteko eskualdetan. Zaurituen artean zegoen, esate baterako, Juan Iglesias Garrigos, 1960ko hamarkadaz geroztik, Eusko Jaurlaritzan ordezkari sozialista izango zena. Orain dela gutxi zendu zaigun horrek besoa galdu zuen, ihesean atxilotu zutenean izandako tiroketan.

Patu larriagoa izan zuten beste askok. Hildakoen erregistroetan azaltzen diren datuen arabera, 185 presok, gutxienez, bere bizitzarekin ordaindu zuten beraien askatasun egarria. Haien artean zegoen hainbeste aldiz aipatu dugun Leopoldo Pico ihesaren bultzatzailea. Dirudienez, gaua iritsi berria zelarik harkaitz batetik bestera jauzi eginez hanka puskatu zuen. Eta ordu batzuk beranduago hilik agertu zen hortxe bertan, buruan tiro bat zuela.

Militarrek, falangistek, karlistek eta goardia zibilek ondorengo egunetan burutu zituzten hilketei gehitu behar zaizkie, 1938ko irailaren 8an, epaitu ondoren, Iruñean bertan fusilatu zituzten 14 iheslari. Lehen aipatu dugun Leopoldo Picorekin batera ekimen hori prestatzen eta aurrera eramaten nabarmendu zirelako Bautista Alvarezek, Gerardo eta Teodoro Aguado anaiek, Daniel Elorzak, Calixto Carbonerok, Baltasar Rabanillok, Ricardo Fernandezek, Rafael Perezek, Antonio Escuderok, Miguel Nietok, Antonio Casasek, Francisco Hervasek eta Primitivo Frechillak pairatu zuten itzulirik gabeko zigorrik latzena, heriotza, alegia.

Azken batean ihesaren balantzea San Cristobalen historia bezain larria suertatu zen. Beste hainbat ihesek frogatu duten legez, zailena ez zen kartzelatik ateratzea, mugara iritsiz eta zeharkatuz, martxan jarri zituzten neurri errepresibo guztietatik alde egitea baizik. Gerra garaian, Iruñerria bezalako erretagoardia frankistaren muinean egonda, sorpresa faktorea deitzen den hori berehala hondaturik, inolako laguntzarik gabe eta zeuden ahulezi egoeran, hori burutzea zaila zen oso. Baina askatasun grinak gogoetak eta azterketa hotzak baino indar askoz handiagoa izaten du. Horregatik alde egin zuten ilunabar horretan libertatearen egunsentiaren bila ia-ia 800 presok. Horietatik hiruk bakarrik, Jobino Fernandezek, Valentín Lorenzok eta Jose Marinerok lortu zuten libre izatearen amets hori errealitate bilakatzea. Ohore eta oroimena batzuei eta besteei.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude