XXXII. Musika Astea Errenterian
Aurtengoan ere ez die hutsik egingo musikazaleei Musikastek. Errenteriako Andra Mari Abesbatzak eta Eresbilek antolatzen duten aste honek sorrerako xedeei eusten die, euskal konpositoreen obrak gordetzeaz gain haiek jendartean zabaltzeari alegia. Aurten gainera zinemarako musikari eta jazzari tartea eskainiko dio. Maiatzaren 22tik 29ra bitartean hainbat musika motaz gozatzeko parada izango da: musika garaikidea, zinema musika, kamara musika, antzinako musika... Besteak beste, Jesus Guridi taldea, Iturriaga laukotea, The Silent Band, Pirineos Jazz Orchestra eta Andra Mari abesbatza izango dira taula gainean.
Arrakastatsua izan da Nontzeflash
Nontzeberri atariak abenduan abiatutako Nazioarteko I. Nontzeflash Animazio Lehiaketako sariak banatu berri dituzte. Guztira, 221 film aurkeztu dira lehiaketara munduko hogeita hamairu herrialdetatik, horietatik 16 Euskal Herritik. Lehen saria Ignacio de Diego Pagola madrildarrak jaso du La novia de Reanimatorekin eta bigarrena Steve Whitehouse kanadiarrak Fishing lanarekin. Euskarazko animazio Onena saria desertu utzi dute eta hirugarren sari bat ematea erabaki dute Begoña Vicariok, Ernesto del Riok eta Pernan Goñik osatutako epaimahaiak: Kol Belov errusiarrak jaso du Self Destructing Organism. Vol. 6 lanarekin. Internauten saria Peruko Mauricio eta Luis Angel Esparza anaiei egokitu zaie.
Zirku eta antzerkia Lapurdiko kostan
Antzerkiz lepo izango da Hendaia maiatzaren 20tik 23ra. Aurten 20 urte betetzen ditu Maiatzaren Antzerkia jaialdiak eta hori ospatzeko Compagnie des Hommes konpainiak ikuskizun berezia prestatu du okasiorako. Hilabete batez Hendaiako herritar batzuekin lanean aritu da haien oroimenari buruzko Dale Recuerdos XI lana prestatzen eta maiatzaren 21ean aurkeztuko du. Adosek, Tabula Rassak, Alligatorrek, Mutinek eta Theatre des Chimeresek ere euren lanak taularatuko dituzte. Bestalde, zirkua izango da protagonista Biarritzen hilaren 25etik 29ra bitartean. Biarrizko Zirku Jaialdiaren hirugarren urtea da honakoa eta talde ugariren lanak hartuko ditu: Archaos, KiliKolo zirkua, Moralles familia, Anomalie... Bai Hendaian, bai Biarritzen, aretoko ikuskizunez gain, kale agerraldiak izango dira.
MID_E lehiaketa zabalik
Moda independentean, irudi elektronikoan eta DJ musika sorkuntzan aritzen diren gazteek ez dute aukera handirik izaten euren lanak plazaratzeko. Hutsune horixe betetzeko abiatu zuten iaz Nazioarteko Erakustaldia Euskaditik izeneko lehiaketa (MID_E). Maiatzaren 31 arte euren lanak aurkezteko aukera izango dute 1973tik aurrera jaiotako artistek. Bi sail ditu lehiaketak: Eurarte eta Euskarte. Lehena Europako artistentzat dago zabalik eta bigarrena Euskal Herrikoentzat. Lehiatu ahal izateko, hautatutako artistek Artelekun, egingo diren bi tailerretan parte hartzeko konpromisoa hartu behar dute. Lehiaketaren oinarriak www.mid-e.com helbidean daude.
Jazarpena ez da eten
Euskal Herriko musika taldeen aurkako jazarpenak ez du etenik. Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Su Ta Gar, Soziedad Alkoholika... taldeen aurka jo du Espainiako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) azken bi urteotan, eta kontzertu pilo bat galdu dute horren ondorioz. Oraingoan Soziedad Alkoholika taldearen aurkako kereila jarri du, hiru abestitan »Stop Criminalización, Explota Zerdo eta Sindrome del Norte» terrorismoaren apologia egiten dutela argudiatuta. Soziedad Alkoholikak, plazaratutako prentsaurrekoan, adierazi duenez, «AVTk gure taldea eta gure letrak kritikatzeko eta zabaltzeko eskubide osoa du. Baina ez dugu onartzen gurea ez den ideologia bat egoztea». Zoritxarrez, talde hau ez da azken biktima izango.
Zinemaldia eraikitzen
Donostiako Zinemaldirako lau hilabete geratzen badira ere, dagoeneko hainbat atal zehaztuta dituzte antolatzaileek. Aurten egun bat gutxiago iraungo du, irailaren 17tik 25era, zinemaren industriak pairatzen duen krisia dela kausa. Inbertsio eta film gutxiago dagoenez, egun batez murriztea erabaki dute jaialdiaren arduradunek, kalitateari eustearren. Dena den, datozen edizioetan betiko iraupenera bueltatzeko asmoa adierazi dute. Salvador Dali jaio zela ehun urte betetzen direla-eta, hark Spellbound filmerako egindako dekoratuetan oinarritu dira kartela egiteko. Bi atzera begirako izango dira aurten, bata Anthony Manni eskainiko diote eta bestea zehaztu gabe dago. Sail ofizialean hamasei pelikula eskainiko dituzte.