argia.eus
INPRIMATU
Eñaut Elorrieta, Ken Zazpi taldeko kidea: «Gitarra joletzat baino, abeslaritzat daukat nere burua»
2021eko uztailaren 27a
Ken Zazpi talde bizkaitarrak Ibilaldian jotzea patuak ezarrita zeukala esan daiteke, Eñaut Elorrieta abeslari eta kantuen egileak Betiko ikastolarekin daukan lotura estua kontuan izanda. Gernikarra izanagatik, ikasketaz fisikari eta lanbidez irakasle den Elorrietak Algortan egin ditu bizitzako urte asko, eta hamahiru urtez Betikoko ikaslea izan zen »ikastolak artean Gobela izena zeukala, hori bai». Are gehiago, gurasoak bertan dabiltza irakasle gaur egun ere. "Aita 25 urtez izan zen ikastolako zuzendaria", diosku, "beraz pentsa zenbat ordu eman ditudan han, gelan eta gelatik kanpo, gurasoen zain eta abar. Nire bizitza Betikori oso lotuta dago, batzutan gehiegi", gaineratu du barre algara artean. Ez da harritzekoa, beraz, Eñaut Elorrietak aurtengo Ibilaldiako kantuan parte hartu izana, ez eta beraren taldeak jaialdian bertan kontzertua eskaintzea.

Umetatik musikari

Eñaut Elorrieta oso gazterik hasi zen musikan. "Zazpi edo zortzi urtegaz hasi ginen Lugarrin, han zebilen gure izeko eta han sartu nintzen lehengusu-lehengusinakaz batera". Elorrieta, urteen poderioz, taldeko abeslari eta gitarra jole bihurtu zen. Ken Zazpik erdietsitako ospera iritsi gabe ere, Lugarriri nolabaiteko sona eman zion baladaren batek edo bestek. Hura desagertuta, hainbat musikariren laguntzaile jardun zuen Eñaut Elorrietak: "Mikel Urdangarinen lehen disko bietan parte hartu nuen. Nik gitarra jotzen nuen, eta musikaren ikuspegi desberdin bat edukitzea lortu nuen". Lugarrirekin eta Ken Zazpirekin ez bezala, Mikel Urdangarinekin antzeztokiko atzealdean egoten zen gernikar musikaria, protagonismotik urrun. Bien artean, zein nahiago? "Gitarra joletzat baino, abeslaritzat daukat neure burua »niretzat, gitarra ahotsari laguntzeko da, ez dut beste modu batera ulertzen», eta orduko hura aberasgarria izan bazen ere, gurago dut oraingoa".
Oztopo ugari gaindituta, Ken Zazpi proiektua sendo dabil orain. "1997an sortu genuen taldea, baina hainbat arrazoi zirela eta, ezin izan genuen bost urtetan taldea aurrera eraman. Exkixuko Kepa Arronategi eta biok hor ibili ginen buru-belarri, eta azkenan diskoa grabatzea lortu genuen 2001ean, eta beste bat urte bi geroago". Orain, lanbideak uzten dion heinean, musikaz gozatzen ahaleginduko dela aldarrikatzen du Elorrietak.