argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Energia berriztagarriak
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Energia berriztagarriak energia-iturri garbiago eta merkeago berriei esaten zaie, hala nola eolikoari, biomasakoari, eguzkitikoari eta geotermikoari. Energia eolikoa haizeak sortzen duena da. Haizea da energia alternatiboetan konpetitiboena. Haizearen indarra baliatuz elektrizitatea sortzea oso printzipio sinple bati zor zaio: aireak helize bat mugiarazten du, eta generadore batek errotazio hori argindar bihurtzen du. Kilowatt bakoitzeko 1etik 11 zentimorako kostua du batez beste. Mota horretako energia gero eta gehiago produzitzen da Hego Euskal Herrian, eta Nafarroak dauka Espainiako Estatuko parke eolikorik handiena. Biomasa nekazaritzako hondakin lehorretatik, hondakin organikoetatik eta zur-fabriketako hondakinetatik (zerrautsa) ateratzen den energia da. Zabor horiek galdara batean errez edo gasifikatzeko tenperatura altuetara berotuz, elektrizitatea eta beroa lortzen dira. Kilowatt bakoitzeko 3tik 12 zentimorako kostua du batez beste. Eguzki-energiaren kasuan, eguzkiaren bitartez, elektrizitatea eta beroa sortzea lor dezakegu. Kilowatt bakoitzeko 20tik 90 zentimorako kostua du batez beste. Energia geotermikoa lurraren bihotzetik datorrena da. Lur azpiko beroa baliatzetik lortzen da. Lurrazalak egundoko bero-potentziala dauka bere baitan eta argindar bihur daiteke edo zuzenean berokuntzarako erabili. Kilowatteko 15 zentimoko kostua du batez beste.