Xabi Larralde: «Barnealdean abertzaleen garaia iritsi da, baina ez dugu alternatiba gauzatzen jakin»

  • Batasuneko kide Xabi Larralderekin bildu gara Baionan. Batasuna Iparraldean legaltasunean ari da. Martxoko bozak ûeskualde zein kantonamendukoakû, ekaineko Europako hauteskundeak, Nazio Eztabaidagunea eta Udalbiltza izan ditugu hizpide. Iparraldeko barnealdean abertzaleen garaia iritsi dela erran digu. Alta bada, abertzaleek ez dute alternatiba bateratu bat gauzatzen jakin. Batasunak ere batasuna amets, agidanez.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2004ko maiatzaren 16a
Xabi Larralde ezaguna egin da Hegoaldeko politikan azken urteetan. Politikagintzan bere esperientzia azaldu digu hastapenean: «Nahiz eta ezker abertzalean une gogorrak bizi izan ditugun, esperientzia polita eta interesgarria bizitzen ari naiz. Batasuna sortu eta berehala, errepresioa izugarri azkartu zen. Alta, Hegoaldean legez kanpo izan arren, Batasunak bizirik jarraitzen du».

Duela hiru urte zatiketa izan zen ezker abertzalean ûABren baitan zehazkiû. Erabaki hura arrazoitu digu: «Batasunaren sorrera pisu handiko erabakia izan zen. Bere mementoan gauzak ez zirela guztiz ongi egin onartzen dut. Iparraldean bereziki, ezker abertzalearen zati batek ez zuen erabakia ulertu, egin zen moldean egin zelako. Baina erabakia arrazoizkoa izan zen. Hemengo errealitatearen azterketatik begiratua ûeuskararen hil ala biziko egoeratik eta Iparraldeak dituen arazo sozial eta demografikotikû gure erabakiak bazuen funtsa eta funtsa izaten jarraitzen du».

Eskualdeko eta kantonamenduko bozetan AB eta Batasuna bakoitza bere aldetik aurkeztu dira. Zertan da ezker abertzalea Iparraldean egun?
Batasuna ûIparraldeanû ABk ez zeukan ikuspegi estrategiko bat zela kausa sortu zen. Pausoa ez zen erraza izan, baina guretzat sorrera funtsekoa izan zen oinarrizko diren hainbat gai birplanteatzeko. Hau da, izaera nazional osoko egitura bat sortzeko eta prozesu nazionalari begira Hegoaldearekin elkarlanean aritzeko. 2002ko Frantziako Legebiltzarreko nahiz eskualde eta kantonamenduetako hauteskundeetan, ABrekin hitz egitean, ikusmolde hau jarri genuen mahai gainean. Ezker abertzalea batzen eta gaineratiko indar abertzaleekin batera aurkezten ahalegindu ginen. Oro har, hauteskundeetan ez ezik, gaineratiko borroka eremuetan ûnazio estrategian oinarrizko diren gaietan, kasurakoû abertzalearen ahotsa entzunarazteko eta elkarrekin aritzeko proposamenak egin ditugu. 2001etik bide horretan saiatzen ari gara.

Ez duzue elkarrekin aritzea erdietsi, ordea.
Ez dugu erdietsi. Eta zergatia aztertu behar dugu. Zergatik AB eta Batasuna ez garen elkarrekin joan azken bozetan. Alabaina, bi salbuespen izan dira: Zuberoan eta Angelun. Bi barrutietan ezker abertzaleak bat egin zuen eta hautagai bakarrak izan ziren. Angelun gainera, ezker abertzaleak nahiz gaineratiko indarrek hautagai abertzalea sostengatu zuten. Hurrengo bozetan esperientzia horietatik ikasi eta beste barrutietan adostasuna lortu behar dugu. Hori da gure xedea.


Norbaitek «zatiketen gainetik, abertzaleen boz kopuruak gora egin du» erran zuen. Zuk zer diozu?
Oro har, bai. Baina, maleruski, zatiketak zenbait tokitan lor zitezkeen emaitza konkretuak zapuztu zituen. Iholdin hautagai abertzaleek boto kopuru politak egin zituzten, baina zatiketak kontseilari abertzalea izatea oztopatu zuen. Hazparnen, adibidez, kontseilaria lortzeko aukera galdu genuen zatituta aurkeztu ginelako. Beraz, emaitzak gazi-gozoak dira.

Jean-Michel Galant da kontseilari abertzale nagusi bakarra. Zure ustez abertzaleek beste bat lor zezaketen orduan? Non?
Bai. Garazin. Baina hori ez da berria. 1998an Peio Iralur izan zen hautagai abertzalea. 1992an, berriz, Koxe Larre. Honek Frantxua Maitiak baino boto gehiago erdietsi zuen. Maitiak, alta, bigarren itzulian ez zuen Larre sostengatu. Koxe Larrek Michel Intxausperen aurka lehiatzeko benetako aukerak izan zituen. Barnealdean abertzaleen aukera sinesgarria da, baina bozetik bozera ez dugu jakin aukera hori baliatzen.

Nola baloratzen duzu Maitia hautetsi nagusi aukeratu izatea? Bigarren itzulian abertzaleen bozekin gainditu baitzuen UDF-UMPko Alphonse Idiart.
Garaziko ezker abertzalearen plataformak ez zuen Maitiarentzako boza galde egin. Guk ez dugu Maitiarengan konfiantza politikorik. Orain beste gisa batez agertzen bada ere, ikastolen aurkakoa eta eskola errepublikarraren aldekoa izan da arrunt. Intxauspe gainditzeko aukera izan genuenean ez zuen hautagi abertzalea sostengatu. Beraz, aldi honetan guk ez genion zergatik lagundu behar. Sozialistak boterean izan direnean ez dute gure aldarrikapenak aitzinatzen lagundu. Alta, abertzale frankok Maitia bozkatu izan du bozetik bozera.

Iparraldeko bozemaileek zigorra eman zioten eskuinari. Zuk nola baloratu duzu bozen emaitza, oro har?
Bozek Jean-Pierre Raffarin-en Gobernua zigortu dute Estatuan, eta horrek Iparraldean eragin du. Iparraldean aldaketa bat eman da. Adibidez, Hazparneko UDF-UMPko Jacques Coumet kontseilari atzerakoiak muturreko alimalea hartu du. Sozialistek kontseilari gehiago erdietsi dute, baina ez dakigu joera hori behin betikoa izango ote den.


Zerbait espero duzu sozialistengandik?
Sozialistak ez dira alternatiba sinesgarria abertzaleen aldarrikapenak azkartzeko. Ezker abertzalea da alternatiba bakarra. Batez ere, barnealdean. Baina, erran bezala, azken hauteskundeetan jendeak aldaketaren beharra sentitu duen unean, ez dugu behar bezalako alternatibarik gauzatzen jakin.

Abertzaleak elkartzeko garaia da, beraz.
Premia badago. Norberak bere erantzukizuna hartu behar du, ordea. Tere Irastortza idazleak honela esan zuen Nazio Eztabaidagunean: «Mahai bat osatu dugu, baina nik hamaika mahai ezagutzen dut eta hainbat mahaitan parte hartzen dut herri honetan". Hori da gure errealitatea. Iparraldean ere hainbat mahai daude: ikastolak altxatzeko, ingurumenaren aurkako desmasien aurka aritzekoà Mahai horietako akordioen esperientzietatik ikasi eta politikan ari garenok elkartzeko lanean segitu behar dugu.

Europako hauteskundeak datoz. Nola ikusten dituzu?
Europako bozetan hautagai zerrenda abertzalea osatzearen aldekoa naiz. Itun Konstituzionala laster onartuko da. Europa hau jite neoliberalekoa da, Konstituzioak oinarrizko eskubide sozialak zanpatzen ditu. Guk gizarte gai ek nahiz nazio gutxituek Europaren eraikuntzan eragin dezaten nahi dugu. Europa ez da goitik bakarrik eraikitzen, behetik ere eraiki behar da. Europaren eraikuntzan ere, Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak lantzea da bidea. Eta hori ez da abertzaleen xedea bakarrik, jakobinoak ere Euro-eskualdearen eraikuntzan interesatuta daude. Pirinio Atlantikoetako Jean-Jacques Laserre presidenteak ardatz atlantikoaren eskualdea aintzat hartzen du, mugaz gaindi doana: Pirinio Atlantikoak, Baskongadak, Nafarroa eta Aragoi lurraldeak bilduko lituzkeen eskualdea. Ardatz estrategiko hori frantses jakobinoei ere interesatzen zaie. Beraz, argi dago, Europa tokian tokiko nazio eta lurraldeetan ere eraikitzen ari da. Eta guk abertzaleok zeregin horretan eragin behar dugu. Euskal Herriko ikuspegi koherente batetik ikusita, Europako eraikitze prozesua desegituratzailea bihur daiteke gure herriarentzat. Hartara, abertzaletasuna gutxiengo den lurraldeetan abertzaleek bat egin beharko genuke elkarrekin joateko.

Gorka Torre Berdeen zerrendan doa. AB, EA eta EAJren sostenguarekin? Zuek batasuna aldarrikatzen duzue, baina ez zarete beste abertzaleekin joaten.
Zein da hauturik logikoena? Guk kanpainaren mezua eta ekitaldiak ikuspegi nazional batetik eraman nahi ditugu. Gorka Torre Berdeekin doa. Gu prest gaude Euskal Herriaren aldarrikapen nazionala egiteko, hau da abertzale batentzat naturalena. Ez dut ukatzen beste indar abertzaleek egin duten aukera, bere zentzua badu ziurrenik. Errespetagarria da. Guk Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko adostasunik ez lortzea deitoratzen dugu. ABk gurekin joateko aukera izan du, baina Berdeekin joatea erabaki du.

Bestalde, nola ikusten duzu Nazio Eztabaidagunea Iparraldetik begiratua?
Euskal gatazkak, nahitaez, izaera nazionala du. Parisek Iparralderari buruz egiten duen politika ez da bertara begira egindakoa bakarrik. Ikuspegi orokorragoa du. Euskal departamenduaren inguruan Aznarrek berak esku hartu zuen, beldurra sorrarazi zuen eta urratsik ez emateko eskatu zuen. Madrilek Parisek Iparraldean hartu behar duen erabaki politikoetan eragiten du. Bestalde, abertzaleon arazoa, errealitate anitzak biltzen dituen Euskal Herria eraikitzea da, denbora berean. Lurraldeen desberdintasunak begi-bistakoak dira. Eskualde ezberdinetan sentimendu kultural eta politiko ezberdinak daude. Beraz, soluzioak ere anitza izan beharko du. Abertzaleok gutxieneko adostasuna lortu behar dugu bat egiteko. Oinarri horrek subjektu bakarraren printzipioa bermatu beharko luke eta, aldi berean, urrats praktikoetan, dauden aniztasun horiek errespetatu. Hori da abertzaleek lurraldetasun gaian askatu behar dugun korapiloa.

Azkenik, Baionan hautetsia zara. Udalbiltza bateratzeko garaia iritsi ote da?
Udalbiltzak balio izugarria du. Euskaldunon erakunde nazional bakarra da. Zatituta dago. Baina borondate politikoa izanez gero, bien arteko ezberdintasunak gaindi daitezke. Azken urteotako errepresioaren ondoren, ez da gutxi ere Udalbiltza bizirik egotea. 2000. urtearen hondarrean, EAJk eta EAk Udalbiltza ekimena bertan behera utzi nahi izan zuten. Su-etenik ez zegoelako aurrekontuen izoztea proposatu zuten. Besteok Udalbiltza bizirik atxiki genuen. Zenbait hilabete beranduago EAJ-EAko hautetsiek Udalbiltzaren aurrekontua zabaldu zuten. Udalbiltza izozteko beharra argudiatu zuten eta gero, adibidez, bi Udalbiltzek Uda-Lekuri dirua eman zioten. Zergatik ez zen dirua elkarrekin eman? Zer nahi gisaz, batasuna berreskuratzeko garaia heldu da, nik uste.


Azkenak
2017-11-21 | Andoni Mikelarena
Bigarren etxebizitzak eta etxe hutsak ikusarazteko kanpaina abiatu du Aitzinak

“Etxebizitzaren gaia arazo nabarmena da Ipar Euskal Herrian”, Aitzinaren ustetan. Arazo hori azaleratzeko asmoarekin kanpaina bat abiatu dute gazte erakundeak. Euskal Elkargoak gaia landu dezala eskatzen dute.


2017-11-21 | Koldo Urrutia
Euskal Filologia ofiziala kolonizatuta al dago?

Azken hamarkadan, hori iradokitzen diguten kontu asko gertatu dira: ETBk bultzatutako euskalduntze berantiarra, toponimiari bizkar ematea, iberiar eta euskal zenbakien arteko erlazioa ukatzea eta 9 urte bete berri duen Iruña-Veleiari egindako erasoa.


2017-11-21 | Jon Torner Zabala
Haurren kontrako sexu indarkeriaz jardunaldiak Leioako campusean

Hainbat datu gordin eman du EHUk, jardunaldiak testuinguruan kokatze aldera: lau neskatotik batek eta zazpi mutikotik batek sexu indarkeria jasan dute 13 urte bete aurretik. Kasuen %90etan, haurraren familia edo inguru hurbilekoa da erasotzailea


2017-11-21 | Andoni Mikelarena
Katalunian epaitzen ari diren sei antifaxisten egoeraren berri emango dute Euskal Herrian

Ostegunetik igandera Euskal Herrian zehar ibiliko dira Kataluniako hiru antifaxista, euren egoeraren berri emateko. Kasuaren inguruko dokumentala ere aurkeztuko dute.


2017-11-21 | Mikel Asurmendi
Konplexua eta sotila, jendearen erraietatik erauzia

Emakumea bat da protagonista. Inboluziorik inboluzio, gure herrian eman den inboluzioa ez dela guztiz atzeranzkoan eman, ez dela erregresio soila izan, esan dezaket neronek. Nagore Vargas bere buruarena ez ezik, bere gorputzaren jabe izan nahi duen belaunaldi sendo baten partaidea baita. 


Zubietako erraustegiaz eztabaida publikoa eskatzeko sinadurak biltzen ari dira

Andoaingo Ipar Haizea plataformak Change.org plataforman sinadura bilketari ekin dio, Zubietako erraustegiari buruz ETBn eztabaida publiko garbia eskaini dezaten. Azaroaren 20ko ilunabarra arte 3.853 herritarrek sinatua zuten eskaria.


'Herri euskaltegia' abiatuko dute Irueko Alde Zaharreko gaztetxean

Astero, ostegunetan eginen dute, nahi duen ororentzat irekia. Parte hartu nahi dutenek ostegunean azaldu edota euskara@aldezaharrekogaztetxea.eus helbidera emaila bidali beharko dute.


Satorren herriko bromak

Ados, ez dagoela ondo erremateko mazoa jaso duenaz trufatzea. Baina ezer baino lehen, esan behar da broma guztiak ez direla berdin jujatzen, ez baita moral kontua, botere-afera baizik.


2017-11-21 | Hala Bedi
2018an Gasteizen herri galdeketarik ez egitea erabaki du Gure Esku Dagok asanblada irekian

Aurkezpen labur bat egin ostean, 2018. urtean Gasteizen herri kontsulta egitearen gaia jorratu dute Judimendiko Gizarte-Etxean egin duten asanblada irekian. “Herri dinamika bat izanda, herriak erabaki behar du galdeketa egin edo ez”, adierazi zioten Gure Esku Dago Gasteizko kideek Hala Bediri. Guztira, 50 lagun inguruk hartu dute parte.


2017-11-20 | Arabako Alea
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, emakume bati erasotzea egotzita

Eraso matxista Gasteizko Santa Barbara plazan gertatu zen igande goizean. Gertaera gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute astearterako. Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen igande goizean bertan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude