Zerbeza edo garagardoa da hiritarren edari gogokoena, eta astean behin gutxienez alkohola edaten dutela aitortzen dutenek, edari hori aipatzen dute lehenik (ardoa dator ondoren). Baina otorduetarako edari bat aukeratzeko eskatzen zaienean, ardoa (dela beltza, gorria edo txuria) da oraindik ere lehenengo aukera.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Organizazioak (OCU bezala ezagunagoa denak) 2.680 elkarrizketa egin zituen Espainiako autonomia-erkidego guztietako 18 urtetik 64 urtera bitarteko pertsonen artean, 2003ko urtarriletik urrira bitartean. Eta inkesta horren arabera, asteko egunetakoren batean alkohola kontsumitzen dutenen artean, % 42,7k zerbeza aukeratu zuen, % 36,4k ardoa, eta beste % 11,3k whiskia, freskagarriren batekin nahastuta.
Inkestak beste hainbat datu ere eskaintzen ditu. Kontsumoan gehien hazi diren produktuak plater prestatuak izan ziren (pizzak, hanburgesak, eta antzekoak, % 23,2 gehigo kontsumitzen dira), eta jarraian datoz zerbezak (% 9,6 gehiago), fruta freskoak (% 9,2 gehiago) eta kalitatezko ardoak (% 8,2 gehiago). Inkesta horren arabera kontsumoan gehien hazitako edarien aldeko ikerketak argitaratu berri dira unibertsitate desberdinetan.
Horrela, Leon eta Granadako unibertsitateetan lankidetzan egindako ikerketa baten ondorioa da, heldu osasuntsuek dosi egokian hartutako zerbezak »egunean kaña bat emakumeek eta bi gizonek» inflamazio-prozesuak murriztu eta oxidazioa saihesten duela. Izan ere, zelula hepatikoak babesten ditu erradikal askeen eraginez adibidez, gibelean sor daitezkeen inflamazioen aurrean.
Extremadurako unibertsitatean egindako beste ikerketa baten arabera, egunean zerbeza bat edateak emakumeen hezur-masa gehitzen omen du, eta horrek mesede egiten die osteoporosia jasaten dutenei. Ikerketaren arduradun Juan Diego Pedrera doktorearen hitzetan, "zerbeza kontsumitzen duten emakumeek kalitate hobea dute beren hezurretan".