argia.eus
INPRIMATU
Gatzagi berdeak
Jakoba Errekondo 2004ko maiatzaren 16a
Geure espezieak naturala izateari utzi eta besteak otzandu eta etxekotuz errazenera bizitzea erabaki zuenetik artzaintza da gure kulturaren eta, ondorioz, gure landa edo paisaiaren, oinarri sendoenetakoa. Jo eta su, ardiak jetzi eta gazta egin eta egin ari dira oraintxe artzainak. Gaztagintza artean landareek zer esan handia izan dute beti. Hasteko, esnearen kalitateari dagokionez izugarrizko garrantzia du larrearenak. Nongo belarra, halako gazta. Beheko lurretako aterpetan edo hauen inguruetako belazeetan izaten diren negu partean, udan metatutako jakiak, aleak eta belarrak jaten dituzte, gehien bat, ardiek. Belarra silotan edo bolatan hartzitu gabekoa, soilik ondua bada, gaztaren kalitateak dezenteko plusa izango duela esan ohi da. Gaztagintzan bertan landare ugari erabili izan dira. Kaikuak, irazki, tuta edo murkoak egiteko urkia, gaztaina edo ezkia; malatxetarako gorostia edo ezpela; zumitzak egiteko zumea eta gaztaina; kartolak edo txurkuak egiteko pagoa; gaztandegirako hurritza eta zumea eta gaztaiak ketzeko haltza eta elorri zuria, zuretan. Esnea iragazteko irazkian osin sorta jartzen zen, honen bilo txorrotxetan zikinkeria txikiena ere bil zedin. Esnea ziatu edo gaztatzeko izerdi azidoa duten astalikardua (Silybum marianum), esne-belarrak (Euphorbia sp.) eta ziabelar horia, legar-bedarra edo gatzagi-esnea (Galium verum) etab. erabili izan dira. Gaur egun metalezko ontziak eta gatzagi kimikoak baliatzen dira. Landaren eta kulturaren galera gutxi balitz ere, ahosabaiarena...