argia.eus
INPRIMATU
Faluja
Igor Estankona 2007ko otsailaren 21a
Egia hobeto azaltzen dutelakoan, eratorritako kontzeptuetara jo ohi dugu: triangelu sunita, setioa, tortura. Baina iturburua ezkutatzen duten sastraka bihur daitezke hitzok lantzean behin zehaztasun gordinera jaisten ez bagara: zu eta ni bezalako jendea, gosea eta egarria, jipoiaren mintzarrak lepoan. Okupatzailea dorpeki jokatzen ari delako gogortu ei da erresistentzia Iraken. Baina otutzen zait hori baino azalpen errazagoa daukala: Paul Bremer Sadamen autoan, aurriak ketan, familia osoan bizirik gelditu den bakarra -hamalau urte- milizietan sartua.

Geopolitika lar gauza bakarra agertzeko. Etxerik-etxe, gupida zer den ere ez dakien ejertzito beldurgarri baten kontra, irabazten ari dira Irakiarrak. Belaunaldi oso bat ari da, hurrengoaren esperantzan, historiaren hezur pilora amiltzen. Eta guk bitartean kalkulu zailak egiten ditugu, ia Falujakoak zenbat puntu eman dizkion Kerryri.

Ez dira, ordea, gure manifestazioak edo CBSren irudiak izan inperialismoa moteldu dutenak. Gogorra da esatea, baina tiro egin duen mutikoa izan da -hamalau urte- meskitarantz ihesi doala amerikarren bala zaparrada batek desegin duen berbera.