argia.eus
INPRIMATU
Baliorik ba ote du ezkontzak egun?
Xipri Arbelbide 2021eko uztailaren 19a
Moda zaharrekoa izan nahi ez baduzu, gaur egun ezkontzaz irri egin behar duzu. Ezkondu gabe beste batekin bizitzea, bi neska edo mutiko elgarrekin "ezkontzea", haurrik ez izatea, gay eta lesbianentzat Bolibiatik etorri haur baten adoptatzeko eskubidea eta abar, horra norma berriak. Dogma berriak erran nezake, Eliza Katolikotik kanpo ere dogmak baitira eta gogoaren askatasuna daukatela uste dutenek ere baitituzte beren dogmak.

Lehenik ohartarazi nahi nuke baduela zenbait ehun mila urte, lur honetako zoko guziek badutela ezkontza, bakotxak bere ñabardurekin. Gizarteak aspalditik asmatu du ezkontza bere legeekin, gizakiaren arrazari bizia segurtatzeko eta zaharrek gazteak behar dituztelakotz beren zahartzaroan, haurrek aita amak behar dituzten bezala biziko lehen urteetan. Ezkontza ez da Eliza Katolikoak asmatua. Gizarteak asmatua da eta gizonarekin bat egiten duelakotz du Elizak ere beretu.

Ezkontza jostagailu bilakatu delakotz Hegoaldean ez da hilen ordaintzeko behar litekeen haurren erdirik sortzen. Euskal Herria leher egiten ari da eta leher eginen du non ez zaien etorkinei dei egiten.

Gizon zuzen batek gehiagokorik gabe onartu dezake, etorkin horiek beren herritik joatera bortxatuak izan daitezen bizitzeko? Ez ote dute, Iparraldean duela hogeita hamar urte modan zen eslogana bere egiten ahal: bizi eta lan herrian? Haiek ez dute beren herrian bizitzeko eskubiderik?

Gizon eta emazte guziek eskubide berak dituztela sinesten dutenek onartu dezakete, etorkin horiek Afrika eta Hego Ameriketako pobreen bizkar izan diten gizarteari gostatzen zaizkiono, hala nola eskolan dabiltzalarik, eta lanerako prest direnean, beren herriak horien baitan sartu kapitalaz balia daitezen Euskal Herria bezalako herrialde aberatsak? Adibide bat emateko, ba ote dakizue laurogeiko hamarkadan Ghanak formatu medikuetan gutienez %60 Europan ari dela? Normal da hori?

Herri normal batek hilen ordaintzeko doia haur egin behar du. "Egitea" ez da bakarrik bizia ematea. "Egitea" da ere haur horien heztea. Artetik errateko, aita batek egunean bost minutu dituelarik pasatzen bere haurrarekin, bana beste gertatzen den bezala Espainiako haurrekin, ez dakit zer heziketa egiten duen gizon horrek. Haur baten hezteko, aita eta ama biak behar dira. Bat ala bestea baizik ez badu ere berdin dela entzun dut: umezurtza ere ez ote da batekin bizi? Besomotza eta okerra ere beso edo begi bakar batekin bizi dira. Arrazoinamendu horri jarraikiz, zuri komeni zaizulakotz, norbaiti kenduko diozu besoa edo begia?

Beste dogma bat, berdin dela gizon eta emazte batekin ala bi gizon edo bi emazterekin, aitak eta amak paper bera jokatzen ote lukete haur baten heziketan? Haurrak harreman berak ote lituzke aita eta amarekin? Nork du haurra bere sabelean egiten bederatzi hilabetez, gau eta egun bere sabelean erabiltzen? Bederatzi hilabete horiek ez dutela lotura berezi bat sortzen ama eta haurraren artean? Ama da "erditzen" Iparraldean hoin ederki erraten zen bezala, hitz horren erran-nahi aberatsarekin. Ez aita. Horrek ez duela ondoriorik? Amak dio haurrari titia ematen. Ez aitak. Horrek ez duela bien arteko lotura berezi hura indartzen? Gizon-emazteek eskubide berak dituzte bai, bainan ez dira berdinak eta bakotxak bere hartarik ematen dio haurrari. Biak behar ditu haurrak.

Haurra, aita eta amarik gabe gelditzen delarik, nehork ez du haren hartzeko "eskubiderik". Haurrak du aita eta ama baten izateko eskubidea, hezia izatekoa. Lehentasuna eman behar zaie lan horren egiteko gehienik gai direnei. Gizonak eta emazteak elgar osatzen dutenaz gain, gizon bat eta emazte bat dira normalki egokienak. Haurraren hartzeko gai den bikoterik ez bada, bakarrik den batek, bi gizon edo emaztez egin bikote batek har dezan, bai. Baina, ahalaz, haurrarentzat hobe, aita deituko duen gizona eta ama deituko duen emaztea, bakotxak daukan nortasunetik aberastu dadin.

Ezkontza gaixo delarik gizarte osoa da gaixo eta hori ikusten dugu Iparralde honetan ere. Urte oroz, sortze baino 450 heriotze gehiago bada. Urte oroz, Makearen heineko herri bat desagertzen da. Horrela dugu eraikiko biharko Euskal Herri Euskalduna? Amets Arzallus gaztea entzun dut behin Euskadi Irratian: «Abertzale baten lehen eginbidea: haurrak egitea». Bizi luze batek zaharrik zuhurrenari eman zuhurtasuna dauka mutiko horrek.