argia.eus
INPRIMATU
Rui Pereira: «Urrutien zegoen egunkariak azaldu zuen informazio zehatzena»
Pilar Iparragirre 2004ko maiatzaren 09a
Bost adituk idatzi duten «11-M. Tres días que engañaron al mundo» liburuaz.

Nola laburbilduko zenuke zure ekarmena?
Ez kezkatu. Oker dabilena errealitatea da! jarri diot izenburu. Eta hor egiten dudana da 2004ko martxoaren 11tik 16ra bitartean Frantziako Le Monde, Ingalaterrako The Guardian, Portugalgo Público eta The Washington Post egunkarietan Madrileko sarraskiaren inguruan agertu ziren 250 artikuluen analisia.

Eta zer duzu azpimarratzeko ondorio gisa?
Bada, paradoxa handi bat: sarraskia gertatu zen lekutik urrutien zegoen egunkariak azaldu zuela informazio zehatzena, eta alderantziz, gertuen zeudenek eskasena. Gertaerak izan eta ordu gutxira ETA izan zela zioen tesia desagertzen joan zen AEBetako egunkarian, Madrileko egunkarietan bizirik jarraitu zuen, berriz, eta Lisboa, Paris edo Londresekoetan hilzorian. Hilaren 12rako ETA erruduntzat jotzen zuen tesiak ez zuen zutik irauten nazioarteko erredakzio aretoetan, eta aldiz islamiarrak izan zirela zioen hipotesia sendotzen zihoan. Baina egun horietan telebista portugaldarrak elkarrizketatu zuen general batek zioen bezala, «gobernu batek esana sinetsi behar du batek, ez?». Ez horrela izaki, ordea, generalak ere ohartzeko moduan, handik gutxira ikusiko zen bezala.

Zer egin zuten Europako egunkariek tesi islamiarra gorpuzten joan zenean?
Erabaki salomoniko bat hartu: batetik, egilea ETA izan zitekeela zioen tesiaren aurkako argudioak argitaratu ziren, baina era berean artikulu mordoa eskaini zuten ETAz, euskal terrorismoaz eta abar.