Izturitze eta Otsozelaiako lezeak: Gazteluko muinoko historiaurreko altxorra

  • Urteak igaro ahala gero eta gehiago badakigu, aberasten gara eta gure jakintza hori zuzentzen dugu. Ezer ez da geldirik egoten, dena aldatu eta higitu egiten da, mugimendu horrek liluratzen gaituen bitartean. Hori da Gazteluko muinoaren barnean gordetzen den altxorrak eskaintzen digun ikuskizuna: Izturitze eta Otsozelaiako lezeetako testuinguru paregabean; Neanderthaletik Cromagnonera, Brontze Arotik Erdi Arora, kondairetatik gaur egungo zientziaraino. Hargatik, monumentu historiko izendaturiko leku zoragarri hau garai berrietara egokitu da eta Euskal Herriko beste toki turistikoekin batera, lurraldetasunari loturiko filosofia guztiz logikoari kasu eginez, kalitatezko eskaintza aurkezten du. Gaur Donamartirin hasiko dugun bisitak beste leku magiko bezain zoragarrietara eramango gaitu datozen asteetan. Ez galdu bidea!

2004ko maiatzaren 09an

Gazteluko muinoaren historiaren zati handi bat ezagutzeko aukera badaukagu Izturitze eta Otsozelaiako lezeetan. Baina are gehiago gure gida lezeen jabea bera bada. Bisitaria harritzen da leku hau gizakiaren jabego pribatua denaz ohartzen denean. Bada bai, lurra eta beraz haren barnean gordetzen dena Joëlle Darricauren familiarena da eta bera da gaur egun lezeetako arduraduna.

Darricau familia lezeei loturik dago aspalditik, bien historia batera egin da eta lezeen zaindari bilakatu dira. Belaunaldi kate luzearen katebegi sentitzen dira. Joëllen aitak aspaldian utzi zuen arkitekto lana bere denbora osoa lezeei eskaintzeko eta orain dela 50 urte baino gehiago lezeetako ateak ireki zizkion jendeari. Geroztik helburu berbera dute aitak eta alabak, ikerketa zientifiko eta turismoaren orekari eustea, garatu eta zaintzea.

Baina abiatu gaitezen, bada, lur azpiko mundu magiko horretara.

Donamartiri atzean utzirik Izturitzera iritsi ondoren, "lezeak" dioten panoak jarraituko ditugu aparkaleku eta kobazuloen harrera-etxeraino heldu arte.

Etxe honetan eta tabernaren ondoan, lezeen sorrera eta ezaugarriak modu laburrean azaltzen diren museotxo bat dago, baita gizakiaren bilakaeran igarotako garai ezberdinen adibide eta argibideak ere. Halaber, lezeetan kausitutako lan tresnak, apaingarriak, pinturak, hezurrak eta beste hainbat elementuren kopiak erakusten dira.

Sarrerak Izturitzeko kobazuloen barna eramaten gaitu. Argiak piztearekin batera barneko 14 graduko tenperatura nabarituko dugu, horrela mantentzen baita urte osoan zehar.

Lehenengo areto nagusian eta indusketa lanen ondoan, bertan aurkitutako aztarnen aurkezpena jasoko dugu, kobazuloan bizi ziren giza taldeen kronogramari esker.
Aurrera jarraituz, Izturitzeko bigarren areto nagusira pasatuko gara, kobazuloko handienera »120 metro luze ditu, 20 metro zabal eta 15 metroko altuera». Honetan ere indusketa lanen arrastoak ugariak dira. Paretetan, aldiz, hiru elur oreinen irudiak ikus ditzakegu argi bereziz argiztatuak.

Dinamitaz zabaldu zen pasagunetik Otsozelaiako kobazulora jaitsiko gara, eskailerek lagundurik. Beheko leze honetan giza aztarnak urriagoak badira ere, labar pinturak ugari dira. Gizakiaren artearekin batera, naturarena da Otsozelaiako lezearen ezaugarri ikusgarriena, estalaktita-estalagmiten forma liluragarriz josirik baitago: zutabeak, kristaldutako ur-jauziak, maindire itxurako konkrezioak eta beste hainbat irudi bitxi aurkituko ditugu.

Lezeak bisitatu ondoren, Donamartiriko lurrek aisialdirako aukera gehiago ere eskaintzen dizkigute. Donamartiri, Donaixti edota Izturitzeko herrixkak ikusteaz gain, Donamartiriren hegoaldean dagoen Eltzarruzeko muinoetan ibilaldi lasaia egin dezakegu. Mendixka hauek 400 metro altxatzen dira doi-doi, baina bertan "Emilieren ibilaldiak" deituriko bide balizatuak daude. Protohistoriako herrixken aztarnak ere auki daitezke Donamartiri inguratzen duten muinoetan, Eltzarruze ondoko Lerdatze mendixkan, edota mendebaldean dagoen Abarratiako hegian, kasu.

Ordutegia

Gazteluko muinoa Nafarroa Beherean dago, Izturitze eta Donamartiri herrixken artean, Hazparnetik 12 kilometrotara. Muinoak hiru kobazulo gordetzen ditu bere baitan, Izturitze, Otsozelaia eta Erberuakoa, bata bestearen gainean. Gaur egun lehenengo biak soilik daude ikusgai eta bisitak ordubete inguru irauten du.

Martxoaren 15etik azaroaren 15era arte irekita:
Martxoan, apirilean, maiatzean, urrian eta azaroan egunero bisitak 14:00etatik 17:00ak arte.
Ekainean eta irailean egunero bisitak 11:00etatik 12:00ak arte eta 14:00etatik 17:00ak arte.
Uztailean eta abuztuan egunero bisitak 10:00etatik 12:00ak arte eta 13:00etik 18:00rak arte.

Prezioak:
Helduak: 6 euro Taldeak: 5 euro
Gazteak: 3 euro Taldeak: 2,5 euro

Taldeentzat eskaintza:
Lezeak ikusi eta bazkaria Etxezaharria baserrian 18 euro

Informazio gehiago:
www.grottes-isturitz.com 00 335 59 29 64 72

Lezeetako altxorra
Gazteluko muinoan Erdi Aroko, Erromatar garaiko edota Protohistoriako aztarnak aurkitu badira ere, leku honen garrantzia historiaurreko aztarnak gordetzean datza, 80.000 urtetako gizakiaren okupazioaren lekuko zuzena baita, Neanderthaletik Homo Sapiens Sapienseraino. Izturitzen gorde da hain zuzen ere Pirinioetako estratigrafiarik adierazgarrienetariko bat.

San Martingo gelako mozketa estratigrafikoak erakusten du lezea betetzeko bilakaera eta baita biztanleen garapena ere. Hamar geruza arkeologiko baino gehiago nabarmentzen dira, bi garaietakoak, paleolito erdi eta goi paleolitokoak.

Aurkitutako historiaurreko tresnak garrantzitsuak badira ere (50.000 pieza inguru), Gaztelu aldi berean bizileku eta santutegia den Europako aztarnategi bakanetariko bat da. Bertako labarretako artea Madeleine aldikoa da (18.000-12.000) eta zaldia da gehien marrazten den animalia, sinbolo eta beste animalia batzuen irudiak ere badauden arren.

Aztarnategiaren historia
.Gazteluko muinoaren oihartzunak behialatik datozkigu, XVII. mendean erromatar aztarnategi bat zela uste baitzen, Izturitzeko lezean aurkitutako urreagatik hain zuzen ere. Jadanik XIX. mendean kobazuloak pertsonai berezien bisitak jaso zituen, Prosper Mérimée, Pierre Loti eta Napoleon III.arenak, besteak beste.

1895ean, fosfatoen ustiapenarekin batera, lehendabiziko aztarnak agertzen hasi ziren: zizelkaturiko katu txiki bat eta harri pikatu batzuk. Langileen harridurak arkeologoei aurkikuntzen berri ematera bultzatu zituen eta horrela 1895eko abuztuaren 10ean Borda elkarteak aztarnategiaren garrantzia azpimarratu zuen. Hala ere, fosfatoaren ustiaketak jarraitu egingo du 1898ra arte. Urte hartan, kobazuloaren jabeetako batek, A. Darricauk, beste jabe bat epaiketetara eraman zuen, aztarnategiaren aberastasuna hein handi batean zainduz.

1912an muinoaren hegoaldeko mazelan ireki zuten irteera berri bat, gaur egun sarrera gisa erabiltzen dena. Urte hartan eta A. Darricauk eskaturik, E. Passemard lezea ikertzen hasi zen, gela handian grabaturiko "menhirra" aurkituz, beste gauzen artean.

1928tik 1959ra arte, Saint Perierko Konde-Kondesak ekiten diete ikerketa lanei, 80.000 urtetako historiari buruzko datu interesgarriak emanez.

1929an, Etchegarayk aurkitu zuen txiripaz Otsozelaiako lezea. Konkrezioen ugaritasunak bultzatu zuen ordurako kobazuloen jabea, A. Darricau, lekua turismo zentro bihurtzera eta 1953an Izturitze eta Otsozelaiaren arteko pasabidea ireki zuen. Geroztik lezeak jendearentzat irekita daude, monumentu historiko izendatzen direlarik, halaber.

Urteak joan urteak etorri, lekuak garrantzia irabazi du aurkikuntza berriei esker. 1955ean G. Laplacek grabatuak eta irudiak aurkitu zituen, gaur egun bere izena daraman galerian, hain zuzen ere. 1973an sifoiekin babestutako Erberuako kobak lehenengo bisitariak izan zituen, G. Barroumes eta J.D. Larribau. Geroxeago, 1975ean eta 1977an, Larribauk irudi eta grabatu gehiago aurkitu zituen azken galeria honetan. Horrek zuzendu zituen ikerketak Erberuan zentratzera, baina 1982an, Otsozelaiako topografia egiten ari zenean, Larribauk grabatu eta irudi berriak aurkitu zituen. Geroztik, historiaurreko artearen adibide ugari azaldu dira eta hargatik, 1996an Gazteluko muino osoa monumentu historikoen zerrendan sartu zen.
1995 eta 1998 urte bitartean, Izturitzeko lezearen aberastasun arkeologikoa neurtzeko katak egin ziren eta 1999an indusketa berria egin zen, I. Barandiaranek eta Ch. Normandek zuzendurik. Gaur egun ere, liluratzen gaituzten indusketa eta aurkikuntza lanak egiten segitzen dute.

Informazio praktikoa
Non jan:
Goxoki (Donamartiri): 00 335 59 29 64 71
Etxezaharria (Donamartiri): 00 335 59 29 61 89
Haramboure (Izturitze): 00 335 59 29 66 16
Attatea Darridole (Aiherra): 00 335 59 29 64 23
Auxotea (Aiherra): 00 335 59 29 64 07
Aguerria (Heleta): 00 335 59 37 62 90
Chez Tante Ursule (Kanbo): 00 335 59 29 78 23
Mendi Alde (Ortzaize): 00 335 59 37 77 38
Chez Katina (Arrosa): 00 335 59 37 71 72


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Paleolitoa
Venus ez zen jaio Willendorfen

Willendorf (Austria), 1908. Wachau bailarako aztarnategi batean, Josef Szombathy arkeologoak emakumezko baten estatua antropomorfo txiki bat aurkitu zuen, 11 cm ingurukoa, harrian zizelkatua eta okre gorriz tindatua.

Orduz geroztik, Paleolitoko venusik ezagunena da, eta... [+]


Liztor habiak, labar artea datatzeko

1891n nekazari batek Gwion estiloko hainbat labar pintura aurkitu zituen Kimberlyn (Australia).


Paleolitoko grabatuak Tarragonan

Font Major kobazuloa (Tarragona, Katalunia) 1853an aurkitu zuten eta urte asko dira bertan arkeologoak lanean ari direla.


Jostorratzak baino lehen

Izturitze duela 21.000-29.000 urte. Gravettiar aroan Izturitzeko kobazuloan bizi ziren gizakiek suharrizko tresna asko utzi zituzten.


Ekain, bilatua eta aurkitua

Deba (Gipuzkoa), 1969ko ekainaren 1a. Zestoako mugan, Izarraitzen magalean, kobazulo baten sarrera aurkitu zuten Rafael Rezabal eta Andoni Albizurik.


Eguneraketa berriak daude