Ezin dugu esan gabe utzi zenbaterainoko garrantzia duen entsalada ongi gobernatzen jakiteak. Operazio xume hori gaizki egiteak lehendik egindako lan guztia lardaskatu eta pikutara bidaltzen du. Alferrik arituko ginen letxugak garbitzen, tomateei azala kentzen, poteak irekitzen, eta abar. Entsaladei eragin egin behar zaie, alde guztietatik berdin gozatu, bizitu eta zerbaiten gustua izan dezaten. Olio hari bat gainetik botatzeak lau hosto busti besterik ez du egiten, eta barregarri gobernatu. Entsalada-ontziek zabalak eta sakonak izan behar dute. Ez erabili sekula ontzi berorik hostoak edo kimuak prestatu behar baditugu, egosi eta belaxkatu egingo baitira. Jarri ontzian gobernatu behar ditugun osagaiak. Ongi xukaturik, garbitu baldin baditugu; inolako hezetasunik gabe, lehenbizi egosi baditugu (erremolatxa, patata, etab). Eragiteko tresnarik hoberenak eskuak edo zurezko koilara-sardeak dira. Gobernazioa kontu handiz isuri eta etengabe eragin. Hostoak berdin blaitu behar dira eta ez jarri ozpin-saltsa soberan igeri, astun eta maskal bihurtzen baitira horrela entsaladak. Azkenean probatu nola dauden gatzez eta zuzendu, gatza edo piperrauts eho berria gehituz. Osagai astunagoak tartean badira (hegaluzea, eltzekariak, patata, olibak, azenario arraspatua, etab.) eta letxuga ahulagoak, garrantzizkoa da ontzian lehenik haiek jartzea, pixka bat gobernatu, eta azkenean gainean jartzea hostoak, eta haiei beste gobernazio pixka bat ematea. Horrela ez dira zapaltzen, eta behetik gora hartuta platereratzen dira, lehenbizi puska astunak eta, gainetik, dagozkien hostoak.