Hiri buruzagia zeharkatu dugu Anbroxioren xerka. Bizi gaituen metropoliko liburudendetakoek ezaguna dute liburua, zinez eskertzekoa, baina hiru liburudenda bisitatu behar izan ditugu feriatu arte. Iragan urrian, harrera beroa egin zioten Anbroxio liburuari, Itxaro Bordak Amorezko pena baino eleberrian betikotu zuen elkartean. Zaldiko-Maldikon bildu zirenek ezin izan zuten egilea zoriondu, eta jakin badakite Anbroxioaren aitak plazer handiz asetuko zituela, baina, Iratzederren garaian bezalaxe, egun ere, muga, muga da, eta, kontakizunean, horrenbeste lagun muga pasarazi dituen Enekok, ezin muga igaro garai horretan.
Erran bezala, atxiki dugu Anbroxio, ontsa atxiki ere, eta aitortu behar, emaitza, oparoa izan dela, liburuak bezainbeste bilaketa berak asetu gaitu, bilaketa, bidaia bilakatu baita, azken urteotan irakurri ditugun liburuak, entzun pasarteak eta atxiki irudiak bidaide izan baititugu Anbroxioren xerka izendatu dugun honetan.
Antton Lukuk, Hegatsen argitara eman artikulu gogoangarri batean, aholku bat eman zigun, "norabait joaten delarik azaltzen den lehena ez da kontaktu ona". Ez dakigu liburuen kasuan hala den, ezetz erranen genuke. Itxarori irakurri genion lehena, Basilika izan baitzen. Oragarrekoak, trilogiaren hondarrean, ezezagun genuen Erribera erakutsi zigun, beraz, ezinbestean sinesgarri zaizkigu, Basilika bezainbat, %100 Basque eta Hiruko.
Gure bidaiaren ezantza ironia izan da. Ironia aferetan, Mattin Irigoienek, Anttonek bezalaxe, Historia zoragarriki desitxuratuz, guztiz hurbil eta sinesgarri sentitzen ditugun istorioak agertu dizkigute. Esentzialismoz mukuru gauden garaiotan, kristala hautsi ala ez, Mattinek agertu irudia da, Noaingo batailaz gorde nahi duguna; Anttonek, Estafetan kokatu baionesak dira, urtero, Sanferminetan ikusten ditugunak; Gazteluko Plazako Txoko tabernako gin-kasak, Antso Azkarraren moldean irensten dituztenak, gure paisaiaren parte diren ber. Menturaz bergauza, pentsatuko dute, Baigorrin urtero edota iragan urte arte Arrosan horditzen direnetaz. Bai, festaren eremura heldu gara gure bidaian, ziur aski, mugaz bi aldeetan normalizaturik dagoen esparru bakarra.
Segura, Senpere, EHZ, Baigorri…, kilometro gehiegi guretako. Festak, bitarteko izateko sortu ziren, egun, nagusiki, helburu bilakatu dira. «Ozaze jaurgainian» gertatu dena konparaziorako, hor ere bi zitroin doratu, ikusten denez gin-lemon nonahi.
Azken urteotan, duela hiru hamarkada Bidarrain hasi eta egun Baigorrin ospatzen den Ricard, barkatu, Nafarroaren Eguna sendi dugu hurbilenen. Baina, Baigorrin ez gara plazatik urrundu, ez dakigu non den Pantzoren Borda zaharra. Festak une oparoak bizi izan ditu, eta muga zilaturik ikusi genuen Elizondoko saioena egin zenean, baina, Europako dirua agortu zen, eta mugaz bi aldetakoen harremanaren ahula agerian geratu. Lehen ez zen dirurik, eta harremana bazen, edo hori kontatu digute, egun, dirua behar dugu, harreman naturala omen dena mantentzeko. Hala ere, gu beti aitzina.
Epikarik ez da falta izan gure bidaian, eta demoek erakutsi diguten legez, epika ez da nahitaez ironiaren kontrako. Ezer dugu ikasteko gazte idealista »batzuk gazte izandako» horiengandik. Bestalde heldu batzuk inoiz baino gazteago ageri zaizkigu, Luzien Etxezaharretarena epikoa baino homerikoa zaigu. Durangon, gastuak kitatzeko aterako al dute Maiatz argitaletxekoek?
Bidaiak igaro duen bitartean, gaurkotasunik galdu ez duen Odolaren mintzoa eskura izan dugu mesanotxian, eta une goxoak igaro horren irakurtzearekin, alta, bertsolaritzak arrangurarako tarterik utzi digu, eta aurten, aspaldi iragarri zena gertatu da. Burlata eta Sarako saioena gogoan dugu oraino, Urepeleko Mixelek "gurea amaitu da" erratera behartu zuten saioak gogora ekartzen, tristezia ez den zerbait nabaritu dugu. Aldarte berean, Mendiburuk Nafarroakoan botatako azken bertsoa aditu genuen. Oilar zaharrak, »beste batzuk aurretik egin zuten legez», amore eman zuen, ez zegoen giro. Ondarrean, Kostaldeko gazte horiei muga paratu eta fini. Ez esan guri mugarik ez dagoenik, fisikoa ez denean, kaskoan dugu ezarria.
Arestian erran bezala, dena ez da liburua izan bidaia honetan, eguneroko berria, asteroko argia, irrati uhinak, irudiak telebistan, Bedaxagar eta Oihenarten emanaldiak, bidaide izan ditugu, eta leku urrunetara joateko Xipriren liburuak beti eskura, Aureliak erakutsi digu Septentrio. Alta, liburuarena hobetsi dugu, eta horren arrazoia, guk baino hobeki Anttonek du eman, "…transmisioaren zuloak edo etenak ordezka litzake liburuak, mundu biribil bat sortuz, birtualki euskaraz martxa daitekeen mundua. Hortan gabiltz Iparraldean Etxamendi sortuz geroztik". Horra, Auroraz geroztik, gure bidaiaren paisaia. Egin kontu, bi urte luze daramatzagu muga igaro gabe, ez gara ezta Sarako Biltzarrera ere hurreratu, hala ere, inoiz baino hurbilago sentitzen ditugu horiek.
Anbroxioren xerka ez da amaitzen gosea duenarentzat. Gose dena, aiseago asetuko da Elgetan egunotan, festa erraldoi horietan baino, egarri denak mama gozoa du zain botoiletan. Afera honetan, ezer baino lehen irakurle gara eta.
* Patxi Larrion historialaria da.