Sekula ikusi dudan lore zurizko erramillota ederrenari begira, udaberriaren zuriarenak izaten diren egun gutxi horietan gaudenaren irudipena izan dut. Sahats hotz zaleen garai sonatua baino zuriagoa zait hau. Mendi magalak elur-sarobez pinportatzen dituzten gereziondoen petalo xintoistak eta errio-bazter eta erreka-zuloetako makalatarrak zuritzaile.
Populus generoa da makala jendea, sahats eta zumeen lehengusinak. Hogeita hamabost bat espezie ezagutzen dira, ipar hemisferioko lur fresko eta epeletan gehienak, hegoaldekoena Tanganika aldeko bat da. Makala edo zumar beltza (Populus nigra) burzuntza, busontza edo lertxuna (Populus tremula) eta zurzuria edo zumar zuria (Populus alba) dira gurean ezagunenak.
Populus genero hau duela ehun bat milioi urte, Behe-Kretazeoan agertu zela uste da; oraindik bizi den genero baten ezaugarri zehatzak dituen fosilik zaharrena Populus primaeva da, agidanean. Ez naiz harritzen, ugaltzeko erraztasun ikaragarria dute. Hibrido kolonizatzaileagoen bila, sexuen nahasketatik ufadetan zaldizka datozen hazien kardilaun arinen emana, desditxa bihurtzen da haizearen geltokietako bazterretan. Sexuen premiarik gabe »ondo moderno!» aldaxkatik, adar-aldaxkatik, probenatik, mentutik, zainetik, ondotik, altsumatik, ipurditik, urtadarretik... klan klonikoak etengabe hedatzen dira. Dakitenek diotenez, Asia ekialdea eta Ipar Amerika hamaikagarren aldiz konkistatzen ari omen dira. Azkar hazten dira, buelo galantak osatuz; ur-amorrazioa du arma onena eta oldarkor eta erasozale egin ditu, kaniletako ura agortzeraino. Hau bai gerra, egun batzuetan zuria.