argia.eus
INPRIMATU
M-11 eta espiritu kritikoa
Julen Zabalo 2004ko maiatzaren 02a
Martxoaren 11n Madrilen gertaturiko sarraskiak zer esan eta zer hausnartu ematen du hilabete bat pasatuta. Euskal Herrian dimentsio berezia hartu zuten egun haiek, abertzaleen artean, batez ere, eta iruzkin zabaldua da gertaeren erantzule ETA ez zela jakiteak lasaitu ederra ekarri zuela abertzaleen aldera. Hori jazo bitartean, haatik, urduritasunez beteriko orduak iragan ziren, zeintzuetan, inolako azterketa kritikorik egin gabe, asko norberaren burua salbatzera »ordean ezker abertzalearena eskainiz» abiatu baitzen. Pentsamendu bakarraren garaian, pentsamendu bakarra landu zuten, edo zieten: ETA zela esan zieten, eta denek gaitzetsi zuten ETA; ETA ez zela argitu zen, eta arranguratu ziren gobernuak informazio okerra eman izanaz.

Espiritu kritiko falta horretan ildo bi nabari daitezke. Ildo batean, egindako eta esandakoaz inolako damurik erakusten ez dutenak sartzen dira. Ibarretxeren erridikulu patetikoa dugu horren isla. Inork baino lehenago gaitzetsi zuen, gordinki, ETAren basakeria, eta ez zuen, ondoren, ezelako zuzenketarik onartu, ETA izanda edo izan gabe, bere kontra esandako guztia ondo esana zegoelako. Baina agian hori baino larriagoa da kritika egiteko EAJk ehun urtetan guztiz baztertu ezin izan duen arrazismo kutsua erabili izana. Izan ere, berak eta, besteak beste, Urkulluk egun horretan esandakotik, euskal herritar izateko arau moral batzuk ezartzen dira, eta haien arabera, M-11 ezin zitekeen euskal herritarren ekintza izan. Hau da, gizarterako asmo integratzailea omen duen EAJren nazionalismoak eskluitu egiten du bere aberritik, Euskal Herrian bizi arren, jokaera jakin bati jarraitzen ez diona.

Bigarren ildoan daudenek zuzendu egiten dute Martxoaren 11n esandakoa, baina, jarrera kritikoa lantzeari uko eginez, okerraren erantzule bi seinalatzen dituzte: batetik, mezu bihurria zabaldu zuen gobernua; eta bestetik, ETA bera, zantzuak eta datuak (!) bazeuden eta hori sinetsi ahal izateko. Lehenak fede onez ari zenari gezurra esan zion; bigarrenak halako gezurrak irensteko oinarri eman du bere ibilbidearekin. Era horretara konpontzen da arazoa, baina, berriro diot, non geratzen da espiritu kritikoa?

Badirudi hainbat gauzatan zorrotz baino zorrotzagoa izan daitekeela, baina ETA eta borroka armatua tartean direla, askoz hobe dela zorroztasuna kamustea. Ezin da bestela ulertu zergatik sinetsi behar zitzaion PPri kontu horretan, eta euskal nazionalismoaren kontra, oro har, egin dituen esku hartzeetan ez. Egunkaria ixten denean PP gezurretan dabil, baina edozein hilketa ETAri leporatzea sinesgarri da. Zergatik hori? Hemen bigarren partea, ETAk berak ahalbidetu duelako bere ekintzen bidez. Batzuek, aurreko astean harrapatutako lehergaia aipatzen zuten; Hipercor, besteek; eta abar. Hala ere, nork esan du lehergai hura Madrilen tren batean ipintzeko zela? Parekagarri dira aurretik hainbat abisu eman zen Hipercor kasua eta Martxoaren 11?

Masa komunikabideen eraginaz hitz egiten da, eta ia-ia ahalguztidunak direla esaten da, batzuetan. Gai honetan, berriz, ez. Euskal Herrian eta Espainian hainbat eta hainbat dira aditu ETAren kontuetan. Baina ETAri buruz hainbeste jakinda, zelan ulertu ETAren egiletza zalantzan jarri ez izana? Normalean hitz egiten dutenean egun horretan bezain aditu ote dira? Asko izan dira Euskal Herrian jendeak M-11ren erruduna ETA izan zitekeela pentsatzeak zer hausnartu eman beharko liokeela ETAri. Arrazoi dute horretan. Baina gai hau dela eta inolako espiritu kritikorik gabe ari direnek ere egin beharko lukete gogoeta.