Noiz hasi zinen "Gezurra ari du" prestatzen?
Egunkaria itxi zuten egunean bertan gure artean jada atera zen kontua. "Hau kontatu egin beharko da", "hasi al zara notak hartzen?", eta horrela elkarri zirikatzeko umorea ere izan genuen. Eta eskerrak umoreari. Itxieraren urteurrena bazetorrela ikusita, niri egokitu zitzaidan muntaia polizial, judizial, politiko eta mediatiko haren idatzizko lekukotza uztea.
Eta zer azpimarratu duzu gertatutakoaz?
Egunkariaren itxiera gezur handi baten historia izan dela. Eta hori da liburuak berak, eta izenburuak zehazki, adierazi nahi duena. Liburuan, itxiera ondorengo orduak eta egunak kontatzen ditut, Egunkariako langileen artetik datorren ahots eta begirada batetik kontatu ere. Egunkariaren itxiera bera, hori zela-eta gertatutako atxiloketak, Donostiako manifestazio erraldoia, atxilotuen inkomunkazio egunak, torturak, epailearen aurreko deklarazioak, Eguneroren sorrera, jaso genuen elkartasun uholdea, Katalunian antolatu zen erantzuna, urrian izan zen bigarren operazioa… Hori guztia hamabost kapitulutan banatuta kontatu dut.
Argazkiz ondo hornitua dator kontakizuna gainera...
Halaxe da, 200 bat koloretako argazkirekin osatu dugu. Izan ere, bat baino gehiago dira oroimenean iltzatuta geratu zaizkigun orduko irudiak. Bi aipatzekotan: Martxelo Otamendi kartzelako atarian torturak salatzen azaltzen dena, edota Joan Mari Torrealdai, guardia zibilez inguratuta, esku-burdinak jantzita kotxean sartzen dutela ageri dena.