argia.eus
INPRIMATU
Iraganaz
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2004ko maiatzaren 02a
Uste zabaldua da: gure iraganari atxikiak omen gara. Gure politiko eta ideologoek, bederen, bere arrazoien zimendu egiten dute historia, herritarrak lozorrotik ateratzeko lan nekezean.

Alabaina, atxikimendu horren benekotasuna kolokan jartzea ez da lana. Gauza harrigarriekin topo egiten duzu, hain historiazale omen den herri honetan. Zenbati ez ote zaio gertatu halako pertsonaia historiko baten gaineko argibideen bila abiatzea eta han eta hemen bazterrak nahasi ondoan, Pauen atzeman behar izatea, Bordeleko argitaletxe batean paristar batek idatzitako eskuliburuan! Atzerritarren lanek gaztelaniaz daudenean baizik ez dute lekua aurkitzen Euskal Herriko erakunde politiko nahiz kulturalen menpeko liburutegietan.

Gero eta sinetsiago nago, hemen, izatekotan, gorroto diogu gure historiari. Kontrakoa mila aldiz errepikatuta ere, herri honen historiaren ukazioa du bere baitan abertzaletasunak. Bertzelako etorkizuna ez genuke nahiko, lehenagoko denborak itsusi ez balitzaizkigu.

Zergatik, beraz, historia aho-mihian? Oraina maite ez dutenen eta geroa ilun tindaturik ageri zaienen babeslekua omen da iragana. Horra, frogatako, atso-agureen kalaka, lehenagoko garaiak edertu zale, orain bakartitik eta etorkizun ezetik iheska. Maltzurren batek erran lezake denbora joana horregatixe izaten dela, hain maiz, gure artean hizpide.