Aurtengo Herri Urratsek kanpaina berri bati emango dio hasiera. Iaz bildutako dirua Garazi eta Donapaleuko ikastoletara joan bazen, bi ikastetxe berri eraikitzeko erabiliko da 2004ko Herri Urratsen jasoko den dirua. 11 eta 15 urte bitarteko ikasleek Ziburun eta Donaixtin ikastetxe bana izango dituzte, baina antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengo festa ez da nahikoa izango proiektua guztiz burutzeko, kanpainaren abiapuntua besterik ez da izango. Hala, datozen urteetan ospatuko diren Herri Urratsek ere bi ikastetxe horien eraikuntzara bideratuko dituzte etekin guztiak.
Bi dira, era berean, edizio honetako logotipoak uztartzen dituen elementuak: euskara eta harrespila. Asier Perez Carcamo artista irundarrak egindako irudiak ikastolen aldeko festa honetan oinarrizkoak diren bi kontzeptuak jaso nahi izan ditu.
Aurreikuspenak
70.000 lagun inguru bildu ziren iaz Lapurdiko Senpere herriko aintziran eta aurten gutxienez bisitari kopurua berdintzea espero dute arduradunek. 70.000 eta 80.000 pertsona artean bildu nahi dituzte. Horretarako, ekitaldi ugari antolatu dituzte lau kilometrotan zehar banatu ohi diren zazpi guneetan.
Egitarautik "Dantza Ikusgarria" izeneko saioa azpimarratu dute antolatzaileek. Arabako gunean burutuko diren ekitaldietan lehena izango da eta iazko irailean Luhuson ospatutako dantza txapelketan parte hartu zuten zazpi taldek eskainiko dute emanaldia. Sei Iparraldekoak dira eta bat Pauekoa. Bi orduz, txapelketarako sortutako dantza eta ikuskizun bereziak errepikatuko dituzte. Normalean jende gehientsuen erakarri ohi duen gunea Arabakoa dela adierazi dute antolatzaileek, ekitaldi tradizionalek ikusle ugari bereganatzen baitituzte. Gazteenak Gipuzkoako gunera joan ohi dira, rock kontzertuak nagusi diren gunera, alegia.
Musika izango da, azken finean, egitarauko ardatz nagusietakoa. Joan den urtean lehen aldiz irekitako Nafarroa gunea malda baten gainean dago kokatuta eta alferrenak hurbilarazteko kontzertu berezia prestatu dute eszenatoki nafarrean. Hala, Fermin Muguruza abeslaria bi orduz arituko da bertan arratsaldean; gainontzeko musika saioek, ordea, ez dute ordu bat baino gehiago iraungo.
Berrikuntzarik ere izango da aurtengo Herri Urratsen. Haurren Txokoan, esaterako, "Haurrak Kantuz" ekitaldia egingo da lehenengoz. Haurrak taldea abesten arituko da taula gainean eta liburuxkak banatuko zaizkie hurbiltzen direnei haiekin batera kanta dezaten. Hau da, Araba gunean egin ohi den «Herri Urrats Kantuz» saioaren asmo bera dauka, baina txikienei zuzenduta.
Edizio honek estreinatuko du, baita ere, maiatzaren 8an burutuko den ibilbide berezia. Zazpiak Bat txirrindulari taldeak antolatuta, bizikletan 75 kilometroko ibilbidea egiteko aukera egongo da. Era berean, iaz lehenengoz egin nahi izan zen baina azkenean burutu ez zen tirolinaz eta abentura ibilbideaz ere gozatu ahalko da.
Aipatzekoa da, bestalde, Lumak eta ARGIAk mahaia izango dutela festa honetan. Zuberoa gunean egongo da egun osoz, hainbat argitaletxe bilduko dituen karpan. Aldizkariaren azkeneko zenbakiak eskuratu ahal izango dira eta gainera, hainbat ale banatuko dira doan.
Seaska belaunaldi berrientzako lanean
Beste behin ere, Herri Urratsen jasotako dirua bere xede nagusienetakoarentzat erabiliko du Seaskak: Iparraldeko ikastolak garatzeko. Seaskak hogeita hamabost urte bete ditu aurten eta urrun geratu da dagoeneko guraso multzo txiki batek Arrangoitzen lehen ikastola ireki zueneko garaia. Zortzi ikaslerekin bakarrik hasi zen Ikastolen Konfederakuntzak dagoeneko 2.069 ikasle ditu matrikulatuta ikasturte honetan. Iaz, 1.977 gazte zituen Seaskak eta 2003-2004 ikasturtean, lehen aldiz, 2.000 ikasleko muga gainditzea lortu du Ama ikastola, Lehen Maila, Kolegio eta Lizeori esker.
Hala ere, euskararen erabileraren inguruan Iparraldean kaleratu diren azken inkesten emaitzak ez dira batere onak izan. Seaskako lehendakari Filgi Claverieren hitzetan, «oso datu txarrak» jaso dituzte eta horregatik ikusten dute «Seaska behar-beharrezkoa dela». «Euskarak garatzen jarraitzen du emeki", dio, «sobera emeki guretzako, baina baleroski eta hizkuntza Iparraldean atxiki nahi badugu Seaska edo, hobe esanda, ikastolak beharrezkoak ditugu hemen».
Inkesten arabera, hizkuntza ez da familian transmititzen eta adinekoak eta haurrak dira euskararen erabiltzaile nagusiak. Gazteen artean, euskal hiztunen kopuruak behera egin du. Biztanleri gehiena kostaldean bizi da Iparraldean eta bertan, datuek erakusten dute 10 eta 20 urte arteko gazte gehienek ez dakitela euskaraz, %2k baino ez. Barnealdean ere emaitzak ez dira onuragarriak izan: euskarak betidanik bertan izan du indar gehien eta orain gazteen %7k bakarrik hitz egiten du euskaraz. «Horrela segituz gero ez da euskaldunik egongo», adierazi du Claveriek.
Baina Seaskako lehendakaria baikor eta lan egiteko gogoz agertu da eta horregatik Herri Urratsera gerturatzeko deialdia egin du, «Iparraldeko ikastolak sostengatzeko eta euskara garatzeko».