Bakarrik edo konpainian parti, bidean aurkitzen diren leku eta jendeak errespetatuz. Utz autobideak, bide eta bidexken hartzeko. Ibilbideak erakuts baina ez bertzeak zure bidetik joatera bortxa. Kurri dabilana, autoz dabilana baino emekiago jabetzen da espazioaz, inguruan duen guztiari begiak irekiz. Oinez ibiltzea: munduan izateko modu berezia. Partitu denak botere-gizonek eraiki mugak trebesatzen ditu ixil-ixila, alegia deus ez. Itinerarium mentis-a, kanpora gauzatuz. Eremuaren esperientzia zure gorputzean.
XIX. mendearen bigarren erditik landa hedatzen hasten den oinezko turismoa, turismoaren etika litzateke gaur. Gero eta jarraikitzaile gehiago aurkitzen baditu Europan ez da kasualitatea. Arrazoinak? Globalizazioa, abiadura, zarata artifiziala eta geldiezina zoko guztietan, airekoen bitartez urruntasunen ezabatzea, autoen ugaritasuna, telebista, ordenagailu, bideo-jokoetako pantailen inbasioa, mundu birtualek gero eta gehiago hartzen ari duten poderioa, medien informatze-desinformatzea... Zerrenda luza daiteke.
Dena den, gure aurreko mendearen bukaera geroztik ikus nola bidaiez eta geografiez ari diren liburuak metatu diren liburu dendetan, astrologiaz eta esoterismoaz ari direnekin batera? Zer ari ote zaigu gertatzen? Bertze zerbaiten bila joateko gutizia? Xinpleki, ihes egiteko gutizia? Utopia berrien seinalea ote? Ezin bizia bilakatzen ari zaigulako eguneroko bizi urbanoa? Arrotzak bilakatu zaizkigulako autoz, metroz, autobusez, tranbiaz, trenez laster-laster, fite-fire, lasterka, korrika, hatsangaka, itsuan, iragaten ditugun guneak?
Alta, munduaren deskubritzeko ez duzu preseski urrun joan beharrik. Zure kale edo karrika izkinean has daiteke abentura. Baina horretarako ez duzu ideia bakar batekin joan behar norapait, ordulariari behaka, erdi-lasterka. Denboraren hartzen ikasi behar duzu. Patxadan. Ohartuko zara ibiliz, jendeak eta bazterrak sekulan iruditu izan ez zaizkizun moduan kausituko dituzula. Zoaz, ahal bezainbat arin, zabarkeriak burutik kendurik. Txinatar kurrilari taoistaren gisan. Gaurko bizi urbanoan guztiok ahantzi duguna berreskuratuz: lehenik dela gauzen esperientzia eta gero haietarik etortzen zaigun ezagutza intelektuala. Ez alderantziz.
Zu zauden lekuan hasten da abentura. Zure hirian. Ahantz, faborez, hirietako mapak. Orain, gal zaitez, okerreko kalean sar zaitez. Konturatu ote zara norabidez beteak direla hiriak. Badela galtzearen fobia kolektiboa. Eta, monumentu, eliza, katedrala, eta bertze oroit-harri historikoak, gauaz fokoek argituak ia denak, ongi ikus ditzagun, postaletan bezala?
Guztia zoko estrategikoetan ezarriak diren karteletan esplikatua zaizu. Guztia jakin dezazun. Eta mendi-bazterrak? Gasnaren bidea, Ardoaren bidea, Hatzen bidea, Katarismoaren bidea… Ikusten, badela ere jakitate ezaren fobia kolektiboa? Badakizu orain nondik joan, zer begira, zer ez… Uf! Metroan edo turismo informazio etxean eman dizuten mapari, kioskoan erosi duzunari begiratzea aski. Horrela, kalean dabiltzan jendeei ez diezu zertaz biderik eska gehiago. Zure paper muturrari behatuz, nehori hitzik egin gabe, bisita dezakezu lekua. Eta bisitari, turista ideala horrela dabil gehienetan teknokratek ongi taxutu dizkioten bideetan. Sekulan irriskurik hartu gabe, galdu gabe… Ohartu ote zara sorpresarendako eta erruarendako ere ez dizutela gehiago gunerik uzten?
Odysseus Elytisek horri ere «faxismo teknolokigoa» deituko ziokeen. Orduan, oinez ibiltzea? Erresistentzia egitea, bistan da. Gauzen modu berri batez senditzea. Kurri, ortuts, oinetakoak bizkarrean. Burua tente, ileak haizeak harrotzen dizkiola. Kantari eta ziztuka. Ez ote duzu beti horrela imajinatu izan Rimbaud? Libro...
Honetaz eta hartaz ari izan zen poeta eta geografialari bidaiari andana bat joan den martxoan Genève-ko Uni-Mail unibertsitatean Geopoetikaren bideak. Ibiltzea eta bazterra deitzen ziren egunetan.